Apirilaren 23an ospatuko dabe II. Jentilak Diman eguna
2016-04-18 14:30 kulturbizAntolaketa lanetan dabilen Txumuluxueta kultur alkarteak jakitera emon dauenez, apirilaren 23an ospatuko da II. Jentilak Diman eguna. Mitologian herriak dauen nortasuna eta aberastasuna ezagutzera emotea dau helburu ospakizunak. Aurten egun osoko programea osotu dabe, nahiz eta gaueko ikuskizuna izan ekintzarik indartsu eta deigarriena.
Dima herriak mitologian aberastasun handia dauka, oso ezaguna dan Jentilzubi zubi natural ospetsua, Baltzolako hatxuloetan kokatzen diran ipuin mitologikoak eta Petralanda sorginen akelarre lekua, besteak beste, gordeten ditu bere lur-zabaleran. Kultura aberastasun hau eguneratu, herrian eta inguruetan ezagutarazo eta belaunaldi barriei jai giroan transmitiduteko gogoz, ikuskizunak antolatu ditue, jentilak iturri bihurtuz.
Antolaketa lanetan dabilen Txumuluxueta kultur alkarteak jakitera emon dauenez, apirilaren 23an ospatuko da II. Jentilak Diman eguna. Mitologian herriak dauen nortasuna eta aberastasuna ezagutzera emotea dau helburu ospakizunak. Aurten egun osoko programea osotu dabe, nahiz eta gaueko ikuskizuna izan ekintzarik indartsu eta deigarriena.
Ekintzak eguerdian hasiko dira Jentilen agerrerea deitu daben ikuskizunagaz; eguerdiko 13:00ean, jentilak narruz jantzita eta adarra musika tresnea joten agertuko dira herriko plazan, ikuskizun bisual eta ozena eskainiz. Ostean, trikitixa eta adarren soinuagaz tabernaz taberna ibiliko dira eguna alaitzen. Antolatzaileak eguna soinu eta kolorez bete gura dabe eta herritarrei baserritar jantziakaz etorteko eskatu deutsee.
Arratsaldeko ekitaldiak 18:00retan hasiko dira eta ordu horretan hiru ekitaldi izango dira: umeentzat bi eta helduentzat bat. Umeentzat Ipuin mitologikoakaz jolasean izenburupean ekitaldi bi izango dira: herriko Ludotekan: 4-7 urtekoentzat txotxongiloak eta tailerra izango dira eta Liburutegian, barriz, 8 urtetik aurrerakoentzat, antzerki tailerra hasiko da. Bata zein bestean Martin txiki-ren ipuina landuko dabe panpina zein mozorroakaz.
Eta ordu berean helduentzat, Ipuin mitologikoen katalogoa aurkeztuko dabe Batzar-gelan. Katalogoan hiru multzotan banatu dabe ipuin mitologikoen gaia: lehenengo euskal mitologiari buruzko argitalpenak erakutsiko ditue; material hau gehienbat helduentzat aurreikusten da, euskal mitologian eta ipuin mitologikoetan ezagutzea sakontzeko, zein umeei etxean ipuinak kontaukeran erabilteko. Bigarren multzoan, batez be umeentzako diran argitalpenak ezarri ditue bi edade tartetan banatuta: 0-6 urte arteko umeentzako argitaratutako liburuak eta 6 urte baino gehiagoko umeentzakoak. Azkenik, hirugarren multzoan sarean online konsultau daitekeen materiala ezarri dabe; material hau audioa, bideoa, zein testua izan daiteke.
Arratsaldeko 19:00retan, beste ekitaldi bi hasiko dira, bata umeentzat eta bestea helduentzat. Umeentzako ekitaldian, Adarra joten ikasteko tailerra egingo dabe frontoi txikian; jentilak sarri adarra joten irudikatzen diranez, umeei adarrari zelan atara soinua erakutsiko jake. Eta ordu berean Liburutegian, Inmakulada Kortazarrek berbaldia eskainiko dau Sorginkerietatik bedarren erabilerea izenburupean; osasunerako bedar erabilgarriak zeintzuk diran eta zertarako balio daben azalduko da bertan.
Baina eguneko ekintza nagusiena eta jentetsuena gaueko 22:00etan hasiko dan Jentilak Diman’16 ikuskizuna izango da. Ikuskizuna, herriko leku desbardinetatik pasau ostean, herriko frontoian amaituko dan kalejira bategaz. Ikuskizuna, jentilen eta kristinauen arteko hartu-emonak jorratzen eta erakusten dituan lau zatiko antzezlana izango da, adar-soinu, bertso, musika, abesti, jantza eta ikus-entzunezko proiekzino eta abarrez osotua.
Herri kultura kontzeptua garatzea helburu izanik, Jentilak Diman’16ko ekitaldi guztietako partaideak dimoztarrak izango dirala emon dabe jakitera antolatzaileek. Danetara, 80 partaide inguru izango dira, danak Diman jaio edo bizi diranak. Ikuskizunaren helburuakaz bat dator herritaren parte-hartzea, izan be, herriak mitologian daukan aberastasunaren transmisinoa herritarren artean egiteko biderik onena dalako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!