Euskal kultur produkzinoa publikoari hurreratuko deutsie telebista publikoaren bidez
2015-02-23 14:19 kulturbizEusko Jaurlaritzeak, EiTBk eta kulturearen alorreko profesionalen alkarteek akordioa egin dabe, euskal produkzinoa zabaldu eta konsumoa bultzatzeko. Euskal Telebistan emoten hasi diran kultura flashen bidez egingo dabe hori. Era berean, egitasmoak dirulaguntzinoak be aurreikusi ditu profesionalentzat, euren lana promozionau daien.
Eusko Jaurlaritzeak, EiTBk eta kulturearen alorreko profesionalen alkarteek akordioa egin dabe, euskal produkzinoa zabaldu eta konsumoa bultzatzeko. Euskal Telebistan emoten hasi diran kultura flashen bidez egingo dabe hori. Era berean, egitasmoak dirulaguntzinoak be aurreikusi ditu profesionalentzat, euren lana promozionau daien. Euskal kultur produkzinoa gizarteari ezagutarazotea eta publiko barriak lortzea dira helburuak.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburu Cristina Uriartek azpimarratu dauenez, alkarlana funtsezkoa da holako programak abian ipinteko. Izan be, Jaurlaritzea eta EiTB dira akordioaren sinatzaile nagusiak baina kulturearen munduko profesionalen alkarteak be batu dira. Zuzeneko musikea eskaintzen daben aretoen Kultura Live, Liburu Denden Federazinoa, produkzino eszenikoetako Eskena eta EZAE, Euskadiko zinema-aretoen alkartea dira partaideak. Publikoagandik hurren dagozan alkarteak dira, dino Uriartek, telebistan leihoa zabaldu nahi deutsegu.
Euskal Telebistako erderazko eta euskerazko kateetan, ikusentzule gehien dagozan orduan, kultur barriak emongo ditue Kultura Flash atalean, hitzarmenaren arabera. Interesekoak diran hitzorduen barri emongo dabe, astero informazinoa barrituta. Uriarte sailburuaren esanetan, zer erakutsiko dan ez dau EiTBk erabagiko, kultur eragileek eurek baino, unean-unean daukiezan interesetan oinarrituta. Batez be, urten barri dauena erakutsi nahi dabe, nobedadeak, jentea erakarteko. Agirikotasuna da gure helburua, publikoak jakin daiala hemen badagoala kultur produkzino bat, gauzak egiten dirala, azpimarratu dau Joxean Muñoz Jaurlaritzako kultura sailburuordeak. Martian, Kultura Flasheko informazino txatalak irrati publikoan be zabaltzen hasi nahi dabe.
Proiektuaren beste zatia, alkarte profesional bakotxaren esku dago. Jaurlaritzeak emondako dirulaguntzinoagaz, publikoa erakarteko eta nobedadeak gizarteratzeko kanpainak martxan ipiniko ditue. Esate baterako, EZAEko Alfonso Benegasek iragarri dau, zinema europarra bultzatzeko bonua atarako dauela alkarteak. 20 euroren truke, Europan produzidutako bost film ikusi ahal izango dira eta, bereziki, euskal zinemeari emongo deutsie garrantzia. Ganerako alkarteek be antzeko ekimenak daukiez iragarrita eta, kasu batzuetan, dagoeneko martxan. Kultura Liveko Alberto Bocosek azaldu dauenez, publiko barria erakartea inportantea da eurentzat, batez be jente gaztea geurera etortea nahi dogu. Cristina Uriartek gehitu dauenez, euskal produkzinoa erakargarri egin behar dogu, jentea gure produkzinora erakarri.
Eusko Jaurlaritzeak 400.000 euroko ekarpena egingo dau aurten. Halandabe, proiektua ez da unean-uneko kontu bat, denporan luzatuko dan ekimena baino. Proiektu bizia da, beharrizanen arabera egokitzen joango gara, dino Uriartek. Aurkezpena gaur egin dan arren, abenduan hasi ziran lanean eta frogea ondo joan da. Eskenako Amaia Ibañezek adierazo dauenez, medio euskaldunetan gure presentzia areagotzeko eskatzen ibili gara luzaroan eta helburua bete dogu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!