Kultura auzoetara eroango dau udabarrian Bilboko Udalak
2014-05-06 14:38 kulturbizMaiatzean eta bagilean, ia 200 ekitaldi programau ditue uriburuko zortzi barrutietan, Kultura Kalez Kale egitasmoan. Era askotako jarduerak izango dira, dobakoak guztiak eta Bilboko Udaleko Kultura Sailak 40.000 parte-hartzaile espero ditu. Udalagaz batera, 30 alkarte eta taldek parte hartu dabe antolakuntzan.
Maiatzean eta bagilean, ia 200 ekitaldi programau ditue uriburuko zortzi barrutietan, Kultura Kalez Kale egitasmoan. Era askotako jarduerak izango dira, esate baterako, tailerrak, musikea, antzerkia, zirkua eta jantzea. Dobakoak dira guztiak eta Bilboko Udaleko Kultura Sailak 40.000 parte-hartzaile espero ditu. Udalagaz batera, 30 alkarte eta taldek parte hartu dabe antolakuntzan.
Bilboko Udalaren Kultura Kalez Kaleren aurtengo egitaraua hasi da dagoeneko, astegoienean ekitaldi batzuk egon ziralako. Bagila amaitu arte, ia 200 jarduera egongo dira herritarren eskura, doban, Bilboko auzo ugaritan. Zortzi barrutiak kontuan hartu ditue egitaraua diseinetako orduan. Kulturea deszentralizau eta auzoetara eroateko, urtero egiten dan ahaleginik handiena da hau, adierazo dau Ibone Bengoetxea Udaleko kultura zinegotziak. Zortzi astean, egunero egongo da zeozer, bost egun baino ez jakuz geratu ekitaldi barik, zehaztu dau Iñaki Lopez Agileta kultura zuzendariak.
Bengoetxeak azaldu dauenez, gustu eta publiko guztientzako eskaintzea dago, danok topauko dogu gustuko dogun zeozer. Musika, antzerki, magia eta zirku emonaldiak dagoz alde batetik. Forma eszeniko barriek, batez be zirkuaren ingurukoek, gero eta arrakasta handiagoa daukie, Bilbon zein beste uri batzuetan, dino Lopez Agiletak. Tailerrak be egongo dira eta, horreetan parte hartzeko, aurretiaz izena emon behar da, baina ezer ordaindu barik. Amaitzeko, Bilboko panorama kulturalean ondo finkatutako ekimenak be sartu ditue Kultura Kalez Kaleren egitarauan, berbarako, Dantza Plazetan aitatu leiteke eta baita Musika Dibertigarria Da eta Arangoitiko Euskal Jaia be. Otxarkoaga-Txurdinagako Magia Topaketak eta Errekaldeko Zirku Jaialdia be sartu ditue egitarauan. Expodistritoren barruan eratzen diran erakusketak be programan ipini ditue eta, aurten, Santutxuko Udabarriko Bertso Saioek aitamen berezia merezidu dabe, 30 urte bete ditue urtero bertsolaririk onenak auzora eroaten, azpimarratu dau Iñaki Lopez Agiletak.
Ekitaldi gehienak aire zabalean izango dira, udabarriko giroaz disfrutau ahal izateko, Lopez Agiletaren arabera. Auzo etxe eta liburutegietan egingo diran ekitaldiei, beraz, kale, plaza eta parkeetan egingo diranak gehitu behar jakez. Igaz 35.000 persona erakarri zituan Kultura Kalez Kale ekimenak eta, aurten, zifra hori gainditu eta 40.000ra heldu nahi dabe, Ibone Bengoetxeak zehaztu dauenez. Ahalegin berezia egin dogu horretarako, esan dau zinegotziak, urtero gero eta jente gehiago etorten da, datozan urteetan egitaraua indartzen jarraitu nahi dogu.
Auzo alkarteek, merkatari alkarteek, jai batzordeek eta auzoetako taldeek parte hartu dabe egitaraua atontzen, beren-beregi azpimarratu nahi dot 30 talde eta alkartek emon deuskuen laguntzinoa, adierazo dau Bengoetxeak. Kontzertu handiek, nazinoarteko oihartzuna daukien ekitaldiek titular guztiak hartzen ditue Bilbon, baina horrenbesteko arretarik bereganatu ez arren, Kultura Kalez Kale lako ekimenak ezinbestekoak dira, herritarrakandik hurrago dagoz, esan dau Bengoetxeak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!