Jose Antonio Retolaza ohorezko euskaltzaina hil da
2014-03-13 12:44 kulturbizAtzo, 2014ko martiaren 12an, Jose Antonio Retolaza Kili-kili personaiaren eta izen bereko aldizkariaren sortzaile, euskerearen aldeko ekintzaile eta ohorezko euskaltzaina hil zan Bilbon, 84 urte zituala. Haren aldeko hileta eleizkizuna gaur, martiak 13, izango da, arratsaldeko 19:00etan, Bilbon, Abandoko Done Bikendi parrokian.
Atzo, 2014ko martiaren 12an, Jose Antonio Retolaza Kili-kili personaiaren eta izen bereko aldizkariaren sortzaile, euskerearen aldeko ekintzaile eta ohorezko euskaltzaina hil zan Bilbon, 84 urte zituala. Haren aldeko hileta eleizkizuna gaur, martiak 13, izango da, arratsaldeko 19:00etan, Bilbon, Abandoko Done Bikendi parrokian.
Jose Antonio Retolaza Ibarguengoitia Bilbon jaio zan, 1929ko bagilaren 6an. Gerra garaian Muxikara joan zan bizitera.
1957an, Teologia ikasketak amaitu zituan Gasteizen eta Atxondo araneko Arrazolara joan zan, abade. Bertan, 1959ko bagilaren 21ean berak emon eban Euskal Herrian -eta munduan- izan zan lehen mezea euskeraz. 2002an, eleizearen sarreran, harri bat jarri zan, ekintza horren oroigarri.
Bilboko Merkataritza Eskolan Merkataritza-Peritajea be egin eban.
1958an, Jaime Kerexetak animauta, Jesukristoren Barri Ona idatzi eban. 1962an, barriro Kerexetak bultzatuta, Eguneroko Meza idatzi eban.
1963an, Arrazolako parroko eta Elorrion Funcor ikastetxeko zuzendari zala, euskerea erakusten ebalako, alkateak salatu eban eta gobernadoreak eta gotzainak bota egin eben handik.
1964an, Madrilera joan zan, Psikopedagogia ikastera. 1975ean lizentziau zan.
'Euskal Mezea' sortu eban Bilbon. Horren ostean, ume eta gaztetxuak alkarturik, doktrinea erakusten eutsen. Holan sortu zan San Antoneko Euskal Katekesia.
1966an, Euskal Katekesi horren babespean, Kili-Kili euskal personaia sortu eban, ume eta gaztetxuen bihotzetan euskal kontzientzia sortzeko asmoz. Umeen euskerearen egoerea ikusita sortu eban Kili-Kili Jose Antonio Retolazak, 1966ko apirilaren 17an, eta horren ondorioz izen bereko aldizkaria etorri zan, personaiak umeakana heltzeko balio ebalakoan. Arrazoi ugari topau zituan Retolazak Kili-Kili izena hautatzeko: hasteko, berbea umeen belarrientarako oso aproposa, bai ikasteko bai eta umeen algarak eta barreak sortzeko be; bestetik, berbearen esanahiak susmorik ez ebala sortarazoko uste eban, lasaitasunean lan egiteko aukerea emonez.
Hasieran aldizkaria Bizkaiko umeen artean zabaltzen zan, eskuz esku eta doban, baina handik bi urtera 2.000 aleko tiradea eukan aldizkariak. Bosgarren alean, dei egin eutsen irakurleei euskeraz idatzi eta testuak bialdu eiotsezan eta erantzun ugari hartu eban. Baina orduan, umeen idazkerea ikusita, Retolazak ume euskaldunen alfabetatzeko preminea ikusi eta, 1967an, Kili-Kili Sariketa Nagusia sortu eban, alfabetatzeko tresna legez.
1967an, doktrina-irakasleentzat, Umeen Len jaunartzerako gerta bidea idatzi eta argitara emon eban. Urte horretan Iparragirre eta Ipuinak izeneko liburuak be kaleratu zituan.
1968an, agintariek aldizkaria galarazo egin eben. Alfabetatze lanetan buru-belarri sartu zan orduan Retolaza.
1969an, Kili-Kili, Teilatu bako ikastola martxan zan. Urrunetik urrunerako ikastaroak emoten zituan, hiru maila desbardinetan. Lehenengo mailarako Lan ta Lan izeneko koadernoak asmau zituan. Lander Gallastegi arkitektoak egin zituan koaderno horretarako marrazkiak. Bizkaieraz, gipuzkeraz eta lapurteraz argitaratu zituan.
1975ean, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban. Bestetik, 2000ko urriaren 27an, euskaltzain ohorezko izentau eban Akademiak.
1977an, egoera politikoa aldatzerakoan, Kili-Kili aldizkaria barriro kaleratu zan eta lehenengo Kili-Kili Eguna ospatu zan, Bilbon.
Beste ekintza batzuk sortu ziran aurrerantzean: Kili-Irratia, Kili-Jaiak, Kili-Txorta (argitalpenak), Kili-Ibilaldiak...
1989an, Eusko Jaurlaritzako Euskerearen Aholku Batzordeko kide izentau eben. Lau urtez izan zan.
Sariak, omenaldiak:
- 1980an omenaldia egin eutsien, Kili-Kiliren izenean, Bilboko Uribarriko gazteek eratutako 24 ordutan izeneko jaialdian.
- 1993an, Labayru erakundeak omenaldia egin eutson.
- HABEK be omendu eban urte berean, 1993an, hain zuzen.
- 1995ean, Muxikako herriak omendu eban.
- 1996an, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen.
Argitaratutako lan nagusiak:
- Iparragirre, Bizitza. 1820-1881. 1967
- Ipuinak. 1967
- Arrotz ipuinak 2, 1987
- Arrotz ipuinak 3, 1988
- Umeen len jaunartze gerta bidea. 1967
- Ume euskaldunen alfabetatzea. Euskera, 1977
Erantzunak
Iñaki, sermoia mezea emotea da ala? Patinazoa bai zeurea. Garai haretan mezeak, eta ez Euskal Herrian bakarrik, latinez emoten ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Bertan, 1959ko bagilaren 21ean berak emoneban Euskal Herrian -eta munduan- izan zan lehen mezea euskeraz.
Ze patinazo da hori? Eta gure sermolari zahar guztiak??