Izenaren morfologia aztertu dau Euskaltzaindiak Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren bosgarren liburukian

Dabi Piedra Robledo 2013-12-12 13:53   Euskerea berbagai

Andres Urrutia euskaltzainburuak dinoanez, dialektologia ikertzea ezinbestekoa da hizkuntzen garapenean, batez be euskerearen kasuan, euskalkiek gorpuztu dabelako gaur egun daukagun ondarea. Oinarrizko batasun batetik abiatuta, herrian herriko forma desbardinak ikustea aberasgarria dala dino Urrutiak.

Aurreko aleetan, batez be lexikoan jarri eben arretea Euskaltzaindiko ikertzaileek. Oraingo honetan, izenak eta deklinabideak aztertu ditue eta, beraz, gramatikearen alorrean sartu dira. Bilbon aurkeztu daben liburukiaren bidez, euskeraz berba egiten dan txoko guztietako aldaerak eta berezitasunak jaso dira, herrian herriko ahozko formak zeintzuk diran jakiteko. Papelean zein internet bidez konsultagai dagozan kolorezko mapen bidez ikusi daiteke euskal hizkeren aniztasuna.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren bosgarren alea egiteko, zazpi lurraldeetako 145 herritan jardun dira inkestak egiten. Bizkaian eta Gipuzkoan 36na herri aztertu ditue, Nafarroa Garaian, 27; Nafarroa Beherean, 18; Lapurdin, 15; Zuberoan, 12 eta Araban, herri bakarra. 320 hiztunen laguntzinoa euki dabe eta, guztira, 335na galdera egin deutsiez, herri bakotxean izenaren morfologiagaz lotutakoak (deklinabidea batez be) zelan esaten diran zehatz-mehatz ezagutzeko. Herri hizkeren atlaserako, baina, hiztun bakotxak 2.857 galderari erantzun behar izan deutse danetara. 4.000 orduko grabazinoak daukaz Euskaltzaindiak eta, apurka-apurka, bertan jasotako guztia argitaratzen dabil, Atlasaren liburukietan. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa 1983an hasitako egitasmoa da eta, dagoeneko, bosgarren liburukira heldu dira. Lekukotasunen grabazinoak eurak, 1987tik 1992ra bitartean egin ziran.

Adolfo Arejita euskaltzain eta Atlasaren gaur eguneko zuzendari akademikoak adierazo dauenez, interneten ipini doguz datu guztiak baina, egia esan, ikusgarria da hizkuntzearen ezaugarriak koloretako mapa handietan ikustea. Liburukian, 260 mapa agiri dira. Holan, digitalaren sasoiotan, papelezko edizinoa atarateak be abantailak daukazala azpimarratu dau. Liburuki honetan, izenaren morfologian zentrau gara, horrek deklinabideaz eta gramatikearen beste ezaugarri batzuez argibide asko emon deuskuz, ganeratu dau Arejitak. Seigarren liburukian, aditzaren morfologia landuko dabela aurreratu dau. Euskal Herriko Herri Hizkeren Atlasa, Europako beste hizkuntza batzuen dialektologia ikerketen pare dago.

Andres Urrutia euskaltzainburuak dinoanez, dialektologia ikertzea ezinbestekoa da hizkuntzen garapenean, batez be euskerearen kasuan, euskalkiek gorpuztu dabelako gaur egun daukagun ondarea. Oinarrizko batasun batetik abiatuta, herrian herriko forma desbardinak ikustea aberasgarria dala dino Urrutiak. Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikako sailburuordeak adierazo dauenez, mintzamolde anitzetan murgiltzeko modua da atlasa, ganera, interneti esker, herritar guztien esku dago. Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko euskera zuzendariak honakoa azpimarratu dau: Herri bat ez da ezer oroimen barik; geure ardurea da aurrekoengandik jaso dogun ondarea ahoz aho eta eskuz esku ondorengoei helarazotea. Euskerearen zabalkundean, urrats garrantzitsua da atlasa, Baztarrikak ganeratu dauenez.

Bilboko aurkezpenean batutakoek nabarmendu dabe, euskalkien eta herrian herriko hizkeren barri jasotea ez dala euskera batuaren kontra egitea. Batua eta herri hizkerak ez dira kontrajarritako errealidadeak, alkar elikatzen daben errealidade beraren alderdi bi baino, dino Baztarrikak. Euskerearen batasunean eta garapenean aurrera egiteko, euskerearen ondarearen aldaera guztiak aintzat hartzea ezinbestekotzat jo dau sailburuordeak, nora goazan jakiteko, nondik gatozan eta non gagozan jakin behar dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu