Juan Bautista Eguzkitzaren sermoi eta berbaldi nabarmenenak liburu baten batu ditu Labayruk

Dabi Piedra Robledo 2013-11-14 13:49   kulturbiz

Neure entzule maiteak Labayru Ikastegiak argitaratu dau, Jarein bilduman, BBK Fundazinoaren laguntzinoagaz. Bertan, Juan Bautista Eguzkitzaren sermoi hautatuak ez eze, haren bizitzearen ganeko zertzeladak, bibliografia eta abar topauko doguz. DVDa be badakar argitalpenak.

Andres Urrutia euskaltzainburua jardun da batze eta eta edizino lana egiten eta, emoitzea, Neure entzule maiteak izenburudun liburua da. Idazle klasiko modernoen artean, Juan Bautista Eguzkitza Meabe (Lemoa, 1875-1939) ez da ezagunena, baina XIX. mendeko tradizinoaren eta gaur eguneko belaunaldiaren artean egin eban zubilanagaitik, lekua egin dau euskal letretan. Erretorikan maisu izan zan, sermoi eta berbaldien bidez herritarrakana heltzen jakin eban. Bere idazlanetako asko gaur aurkeztutako liburuan argitaratu dira lehenengo aldiz.

Neure entzule maiteak liburua, funtsean, eleiz gizon baten testuen bildumea da, Adolfo Arejita euskaltzain eta Labayru Ikastegiko zuzendariak azaldu dauenez. Balio handiko testu moltsoa da, izan be, Arejitaren arabera, Eguzkitzaren prosa eredugarria da, oratorian maisu izan zan; prosa seguru eta koherente baten bidez, entzuleakandik hur egoten jakin eban. Andres Urrutia euskaltzainburu eta liburuaren editoreak azpimarratu dauenez, idazle klasikoen artean ahaztuta egon da Eguzkitza, baina merezidu dau haren lana berreskuratzea. Arejitak ganeratu dauenez, Urrutiak behar handia egin dau idazle klasiko modernoen idazkiak ezagutarazoten, hau da, klasikoak izanda be, geure belaunaldirako zubilana egin dabenak.

Eguzkitza Lemoakoa zan baina Lekeition bizi izan zan urte askoan eta hantxe egin eban lanik oparoena. Abade ez eze, irakasle be izan zan Lekeition. Euskaltzaleen artean ospea lortu eban, berbetan abila eta idazten zorrotza zalako eta, horregaitik, Resurreccion Maria Azkuek berak, Euskaltzaindirako proponidu eban. Euskaltzain oso izan zan Eguzkitza, Akademiaren sorreratik bertatik. Erlijinoagaz lotutako sermoi eta idazkiak ez eze, gizarte gaien ganeko kezkak be jaso zituan bere obran. Euskaltzalea eta abertzalea zan ezkero, 1937an faxistak Lekeition sartu ziranean, bota egin eben eta Lemoara bialdu. 1939an hil zan, jaioterrian; Urrutiaren ustez, atsekabez hil zan, Nazionalen garaipenak kalte handia egin eutsan. Neure entzule maiteak liburua, euskal letrei Eguzkitzak eginiko ekarpenari gorazarrea da, sermoi eta berbaldi hautatuen bildumea. Pieza gehienetan, hasieran, entzuleari zuzentzen jako Eguzkitza, neure entzule maiteak formulea erabilita, eta hortik izenburua.

Andres Urrutiaren arabera, Eguzkitzak erretorikearen mekanismo guztiak goitik behera ezagutzen zituan. Herritarrei berba egiten ekian, diskurtsoa entzulearen mailearen arabera moldatuz, beti goi mailako euskerea erabili eban –dino Urrutiak-, baina sinonimoak edo beste baliabide batzuk erabilita, edozeinek erraz ulertzeko moduko berbaldiak egiten zituan. Eguzkitzaren lana zutabe bitan oinarritzen da, fedea eta euskereaganako ardurea. Bere sasoian, euskerearen alorrean barrikuntza handiak egon ziran sasoian, garbizalea izan zan Eguzkitza, baina ez zan hutsetik ataratako neologismoen lagun, antxinako berba zaharrak berreskuratu eta adiera barria emoten eutsen. Bere sasoiko euskal idazleen artean, gehien idatzi ebanetako bat izan zala adierazo dau Andres Urrutiak, Eguzkitzaren produkzino zabala aintzat hartuta.

Neure entzule maiteak Labayru Ikastegiak argitaratu dau, Jarein bilduman, BBK Fundazinoaren laguntzinoagaz. Bertan, Juan Bautista Eguzkitzaren sermoi hautatuak ez eze, haren bizitzearen ganeko zertzeladak, bibliografia eta abar topauko doguz. DVDa be badakar argitalpenak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu