Zea Mays taldea indartsu dator bueltan 'Da' zazpigarren diskoagaz
2013-11-07 14:54 MusikeaZea Mays da, eta hori erakutsi gura dabe Da diskoagaz. Errekaldekoen zazpigarren diskoa da. Gustura dagoz emoitzeagaz, gustura. Dave M. Allen produktore ezaguna izan dabe alboan, The Cure, Depeche Mode eta Chamaleons taldeen diskoa produzidu dituana. Flipauta gagoz, aluzinantea izan da, dinoe.
Zea Mays da, eta hori erakutsi gura dabe Da diskoagaz. Errekaldekoen zazpigarren diskoa da. Dave M. Allen produktore ezaguna izan dabe alboan, The Cure, Depeche Mode eta Chamaleons taldeen diskoa produzidu dituana. Flipauta gagoz, aluzinantea izan da, dinoe.
Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu dabe lan barria, bertan izan dira bandako lau kideak: Aiora Renteria abeslaria, Asier Basabe bateria-jolea, Ruben Gonzalez baju-jolea eta Piti gitarristea. Diskoa itzela da, laurak konforme agertu dira hasieratik.
2012ko abuztuan hasi ziran Da diskoa prestetan, pentsetan, eta ustebakoan Lekeition Dave M. Allen produktorea ezagutzeko aukerea izan eben. Zemendian sartu ziran estudioan, Allenegaz, Londresko Club Ralphen. Berak egin ditu nahasketak eta grabaizinoan be egon zan. Esperientzia barria izan da, aluzinantea, esan dau Aiora Renteriak. Urdulizko Tio Pete estudioan grabau dabe, Jose Lastra soinu-teknikariagaz.
Era aurreko lanaren arrakastearen ostean, taldea gustura dago, pozik lortutakoagaz, eta igarten jakie. Eroso gagoz orain, trankil gagoz. Zuzenekoetan be bai. Gustura gagoz beharrean, esan dau Renteriak danen izenean.
Hamahiru kanta ditu Da-k, hiru zatitan-edo banatuta. Hasierako kantak nahiko zuzenak eta jatzagarriak dira -azaldu dau Asier Basabek- erdikoak, barritzaileenak edo berezienak dira, eta azkenengoak, betiko Zea Maysenak dira, distorsinoak topera.
Izenburu laburra ipini deutsie, Da. Zea Mays taldea dana holan laburtzen da. Egiten dogun guztia laburbiltzen dau berba horrek, disko osoa azaltzen dau, adierazo dau Renteriak. Bai musikea bai berbak Zea Maysek sortu ditu. Abesti batzuk basatiak dira, beste batzuk jantzan egitekoak, rockeroak be badagoz... gu garana da.
Diskoaren azala eta diseinua David Gonzalezek egin dau, Berri Txarrak eta Cobra taldeko baju-joleak. Ez jakon bape gustau hain izenburu laburra aukeratea, kar, kar, gogoratu dabe.
Zemendian Asturias aldean ibiliko dira, etxean jo baino lehen berotzen, eta abenduan hasiko dira Da Euskal Herrian aurkezten. Abenduan 4an Atarrabiko Totem aretoan joko dabe; 19an, Donostiako Gazteszenan; 26an, Bilboko Kafe Antzokian; eta urtarrilaren 5ean, Gasteizko Jimmy Jazzen.
Taldeak berak produzidu dau diskoa. Hemendik eta Durangoko Azokara bitartean, taldearen webgunean bertan erosi ahal izango da diskoa; Durangon, euren estandean egongo da salgai; eta hortik aurrera, dendetan, kontzertuetan eta plataforma digitaletan ipiniko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!