Gasteizko Hala Bedi irratiak disko bilduma bat kaleratu dau bere 30. urteurrena ospatzeko
2013-10-30 11:39 MusikeaDiskoko kantuak entzuterako orduan, sinistezina da orain 20 edo 30 urte idatzitako abestiek daben gaurkotasuna, oraindino be bizirik dagozalaren seinale. Hala Bedi irratia be holan dago, bizi bizirik eta inoiz baino indartsuago, 30 urte honeek ospatu eta beste 30 beteteko prest, azaldu dabe bere kideek.
Gasteizko Hala Bedi irrati libreak 30 urte bete ditu aurten, eta urtemugea ospatzeko martxan jarri dituen proiektuen artean, Hala Bedi 30 urte Kolpez Kolpe disko bildumea dago. Diskoan, gaur egungo zenbait euskal taldek lehengo eta egungo beste zenbait euskal artista eta talderen abestien bersinoak egin ditue.
Holan, irratiaren urteurreneko abestiagaz hasten da diskoa, Johnny & Joseph bikoteak eginiko Kortaturen Kolpez kolpe abestiaren moldaketeagaz, Fermin Muguruzak berak ahotsetan lagunduta. Era berean, The Allnighters gasteiztarrek, 15 urtetik gora bananduta egon ondoren, Cuidado Eskorbutoren abesti mitikoa moldatu dabe.
Gainera, SextySexers nafarrek Niko Etxarten Zkratx egin dabe, eta Hesian taldeak Alaitz eta Maiderren Amets bat. Anai Arrebak taldeak M-ak mitikoen Barkatu ama abestiaren bersinoa egin dabe, eta diskoko bitxikeria handienetakoa izan daiteke Indarrap gasteiztarrek Gozategiren Pakia beyau abestiari emon deutsien ukitu raperoa.
Garik lagun zituan RIP arrasatearren Mundo muerto bersionatu dau, Jon Agirrezabalaga (We Are Standard) kolaboratzaile estu izanik. Betagarrik Potatoren Rula moldatu dau, eta Ortophonk taldeak bere eremura eroan dau La Polla Recordsen Tu alucinas.
Izaki Gardenak taldeak Ruper Ordorikaren Ene begiek abestiaren moldaketea egin dau, eta Bronze, banandu aurretik, Itoizen Hegal egiten atondu dau. Neubat taldeak orain bost urte inguru itxi eutson joteari, baina oraingoan Negu Gorriak taldearen Zipaioen matxinada abestia moldatzeko alkartu da.
Zuloak taldearen Artzai ona abestiagaz entzun ahal izango dira lehen aldiz euskeraz Sumision City Blues, eta ohiko indarra erakutsi dabe Willis Drummond taldekoek Hertzainak-en Pakean utzi arte moldatzerako orduan. Diskoari amaierea emoteko, Xabier Montoiak BAP!! taldearen Plastikozko janariak moldatu dau, bere estilo petsonalagaz, piano eta txeloaz lagundurik.
Azken abesti hori eta diskoko beste hainbat entzuterako orduan, sinistezina da orain 20 edo 30 urte idatzitako abestiek daben gaurkotasuna, oraindino be bizirik dagozalaren seinale. Hala Bedi irratia be holan dago, bizi bizirik eta inoiz baino indartsuago, 30 urte honeek ospatu eta beste 30 beteteko prest, azaldu dabe bere kideek.
Aurkezpen kontzertua
Lehen geldialdia zemendiaren 2an izango da, Gasteizko gaztetxean, bertan egingo baita diskoaren aurkezpen kontzertua, iluntzeko 20:30etik aurrera, Xabier Montoia, Sumision City Blues, SextySexers eta Johnny & Joseph taldeakaz.
Egun horretan diskoa eskuratzeko eskaintza berezia izango da, kontzertuko sarrerea eta diskoa hamar euroan salduko baitira. Hortik aurrera, dendetan, Tolosako Bonberenearen on line dendan edo Durangoko Azokan eskuratu ahal izango da, baita zenbait tabernetan be.
Hala Bedi irratiko kideek eskerrak emon deutseez diskoa posible egin daben talde, teknikari eta persona guztiei, eta batez be Bonbereneari, laguntza guztia eskaini dabelako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!