Nerbioi-Ibaizabal bailarako herri ondarea herritarren artean zabaltzeko euskarri barriak aurkeztu ditu Labayruk
2013-10-11 15:44 kulturbizZuztarretatik ahora proiektuko euskarri barriak aurkeztu ditue gaur: batetik, Olgetan brinko 2013-2014 Eskola Agenda koloretsua eta sano erabilgarria, marrazki, ipuin eta olgeta bildumeagaz horniduta. Bestetik, Zuztarretatik ahora webgunean eskuragai dagoan bideo bilduma osotuaren barri emon dabe.
Zuztarretatik ahora, Nerbioi-Ibaizabal bailarako herri ondare etnografikoa eta linguistikoa batu, sailkatu eta lantzeko asmoz sortu eban orain urte batzuk Labayru Ikastegiak.
Proiektua bultzatu daben udalerriak ondokoak dira: Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zaratamo. Aitatu udalek sustatutako egitasmoaren lehenengo helburua, herri horreetako euskal ondare etnografikoa eta linguistikoa batu, sailkatu eta lantzea zan, ondoren, batutako guztiagaz Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako umeentzako, Euskal Curriculumean txertagarri izango zan material didaktiko-pedagogikoa sortzeko. Ekimen horren ondorioz, eta lan prozesu eskerga baten ostean, 2009an, Zuztarretatik ahora izeneko DVDa eta Eskola Agendea kaleratu eben. Zuztarretatik ahora lelopean sortutako materiala eskualdeko umeentzako eskolarako material osagarria da (edo etxean gurasoekin erabiltzekoa), hezkuntza zikloen arabera eraturik datorrena, indarrean dagoan Hezkuntza Curriculumak zehazturiko edukiak lantzeko.
Gaur, barriz, Zuztarretatik ahora proiektuko euskarri barriak aurkezteko prentsaurrekoan izan dira Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria: Ana de Castro andrea; Labayru Ikastegiko Zuzendaria, Adolfo Arejita jn.a; Etxebarriko Alkatea: Loren Oliva Santamaria; eta Agendearen egileak: Nagore Amondarain, Oibar Legarra eta Kepa Bilbao.
Batetik, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleen artean zabaldu dan Olgetan brinko 2013-2014 Eskola Agenda koloretsua eta sano erabilgarria aurkeztu dabe, marrazki, ipuin eta olgeta bildumeagaz horniduta.
Bestetik, Zuztarretatik ahora webgunean eskuragai dagoan bideo bilduma osotuaren barri emon dabe. Labayru Ikastegiak Nerbioi-Ibaizabal eskualdean egindako landa-ikerketearen ondorioz, eskualdeko 77 laguni egin jakezan bideo-grabazinoak agiri dira, danetara 340 ordutik gora.
Aurkezpen honetan erakutsitako bideoetan, Zuztarretatik Ahora DVDan argitaratu ziran bideo-txatalak edo zatitxuak topauko ditu erabiltzaileak, sarean edozein momentutan ikusteko moduan. Baina horrezaz ganera, bideo-txatalaren osogarri, lekukoak esaten dauenaren transkripzinoa, hiru hizkuntzatan irakurteko modua be badago: euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Bideoak aukeratzeko orduan aukera asko dagoz, izan be, bilaketak gaika, herrika, lekukoka, zikloka, atalka edo berba solteak kontuan hartuta egin daitekez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzunak
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
Nerbioi-Ibaizabal bailara ez da existitzen eta Galdakaok lotura gutxi du Nerbioi inguruko herriekin.