Elhuyar Hiztegiaren laugarren edizinoa eta webgunea aurkeztu ditue

Dabi Piedra Robledo 2013-10-10 15:35   kulturbiz

Gaztelaniatik euskerara eta euskeratik gaztelaniarako Elhuyar Hiztegiaren laugarren edizinoa da gaur Bilbon aurkeztutakoa. Gaurkotuta eta, 91.000 sarreragaz, zabalduta dator tresna barria. Ganera, Elhuyar Hiztegiak izeneko webgune barria be aurkeztu dabe. Bertan, euskeratik gaztelania, frantses eta ingeleserako hiztegiak konsultau ahal izango dira.

Gaztelaniatik euskerara eta euskeratik gaztelaniarako Elhuyar Hiztegiaren laugarren edizinoa da gaur Bilbon aurkeztutakoa. Gaurkotuta eta, 91.000 sarreragaz, zabalduta dator tresna barria. Ganera, Elhuyar Hiztegiak izeneko webgune barria be aurkeztu dabe. Bertan, euskeratik gaztelania, frantses eta ingeleserako hiztegiak konsultau ahal izango dira.

Elhuyar Hiztegiaren lehenengo edizinoa 1996an argitaratu zan, mugarri eta aintzindari izan zan, Leire Cancio Elhuyar taldeko zuzendari nagusiak azpimarratu dauenez. Harrezkero, Elhuyarren hiztegi elebidunak erreferentzia bihurtu dira, ikurra dira, baina erabiltzaileei esker izan da hori. 2012an, 12.000 hiztegi saldu ziran eta interneteko 20 miloe konsulta jaso ziran. Beraz, 2006tik edizino barririk atara ez dan ezkero, hiztegia gaurkotzeko momentua heldu da. Ganera, goitik beherako eguneraketea da laugarren edizino hau. Izan be, 91.000 sarrerako hiztegi nagusiaren edizino honegaz batera, 43.000 sarrerako Hiztegi Txikia eta 36.700eko Oinarrizko Hiztegia gaurkotuta plazaratu ditue. Gaur eguneko aurrerapen teknologikoei esker, hirurak batera argitaratu ahal izan ditue.

Papelezko formatu tradizionalean argitaratu ditue hiru hiztegiak, baina badago Kindle formaturako bersinoa be. Gaur egun, aldaketa sasoian gagoz eta bide barriak urratu behar dira, adierazo dau Canciok, formatu barriakaz eta Elhuyar Hiztegiak webguneagaz, bide barri eta aberatsa finkatu nahi dogu. Hiztegiaren zuzendari teknikoetako bat dan Antton Gurrutxagak azaldu dauenez, lau alor nagusitan gaurkotu dabe gaztelaniatik euskerarako eta euskeratik gaztelaniarako Elhuyar Hiztegia: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuari jarraitutako eguneraketak sartu ditue; gaztelaniazko edukiak findu dira (euskerea ez da estandarizazinoan zalantzak daukazan hizkuntza bakarra, gaztelaniaz be gauza asko finkatu barik dagoz eta konsulta asko egin doguz, dino Gurrutxagak); espezialidade-arloetako lexikoa barritu da, hizkuntza bietan; eta, amaitzeko, hiztegiaren barruko koherentzia handitu da. Horrezaz gan, jakina, aurreko edizinoaren zuzenketak sartu dira. Gurrutxagaren esanetan, erabiltzaileek egindako ohar asko aintzat hartu doguz. Tresna erabilgarri bat egin nahi izan dogu, profesionalei eta ikasleei begira batik bat. Euskerearen normalizazinoan, hiztegiak tresna garrantzitsua izaten jarraitzea gura dau Elhuyar taldeak, baina Gurrutxagak ohartarazo dauenez, hizkuntzea deskribidutea da hiztegigintzearen zeregin nagusia eta horretan be indarra jarri dogu.

Elhuyar Hiztegiak webgunea be aurkeztu dabe gaur. Elhuyarren hiztegi elebidun guztiak konsultau daitekez bertan (gaztelaniazkoa, frantsesekoa eta ingelesekoa), modu arin eta erosoan. Sarrera bakotxean, aukera ugari emoten jakoz erabiltzaileari: Itzulpena, emondako ordain bakotxerako link zuzena, adibideak eta abar. Nahi dabenek proposamenak bialdu ahal izango ditue, webgunean horretarako beren-beregi sortutako txokoari esker. Holan, zuzenketak, berba barriak sartzeko eskaerak eta abar jasoko ditue. Azken finean, Antton Gurrutxagak azaldu dauenez, webgunea eten barik barritzen joango gara, ez dogu itxarongo hurrengo edizinoa preparau arte, hobekuntzak egin ahala atarako doguz. Ganera, azkenengo aldaketak ikusteko atala sartu dabe. Bloga be badauka Elhuyar Hiztegiak guneak, astero sarrera bat argitaratzeko asmoa daukagu.

Papelezko hiztegia erosten dabenek, abantaila bereziak izango ditue webgunean, liburuan datorren kodea sartuta. Erregistrautako erabiltzaileek, hau da, papelezko edizinoa be erosi dabenek, eduki gehiago konsultau ahal izango ditue, esate baterako, bilatutako berbea korpus linguistikoetan zelan agertu dan ikusteko aukerea. Berba bakotxaren informazino osotuagoa emongo da, adibidez, erabilerearen ganeko oharrak, hizkuntzearen ganeko beste webgune batzuetan berba horren inguruan adituek egindako komentarioak edo zalantzazko adieren ganeko debateetara on-line loturea. Gune bizia izatea nahi dogu, adierazo dau Gurrutxagak, interakzinoaren bidez, blogaren bidez eta etenbako eguneratzearen bidez, webgunea ez da geldirik egongo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu