Izaki gardenak taldeak 'Amaieratik hasi' lehenengo lan luzea aurkeztu dau

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-10-10 15:12   Musikea

Igaz argitaratutako Itsasargiak bost kantako lanaren jarraipena da Izaki gardenak boskoteak aurkeztutako Amaieratik hasi disko barria. Taldearen lehenengo lan luzea da. Oihuka etxeagaz kaleratu dabe.

Igaz argitaratutako Itsasargiak bost kantako lanaren jarraipena da Izaki gardenak boskoteak aurkeztutako Amaieratik hasi disko barria. Taldearen lehenengo lan luzea da. Oihuka etxeagaz kaleratu dabe.

Pop doinuak, rocka, countrya, bluesa, gitarra distorsionatua, base erritmiko bako kanta bat... Lan anitza dala autortu dau Jon Basaguren abeslari eta musikariak. Aurreko diskoaren aldean ez dabe sekulako aldaketarik egin, lehenago landutako estiloetan sakontzen ibili dira. Itsasargiak-en sartu ez ziran kanta batzuk eta azkenengo urtebetean sortutako barriek osotzen dabe Amaieratik hasi.

Abeslariak berak idatzi ditu kanten berbak, azkenerako ez ekien zertaz idatzi, ez nekien kanta bakotxean gai bat landu, ala danetan idea bera segidu. Holan sortu zan amaieratik hasteko asmoa. Etsipen handia dago gaur, baina ez daukagu adorerik aurrekoagaz apurtzeko, zerotik hasteko, adierazo dau. Zeozeren amaierea zeozeren hasierea izan daiteke, zelan ikusten dan, ganeratu dau.

Donostiako Elkar estudioan grabau eben diskoa udan, lau egunean. Zuzenean grabau eben dana, bostek batera jo eta kantauta. Soinuari berezitasuna emoten deutso horrek, eta igarten da, azaldu dau Basagurenek. Joseba B. Lenoirrek (gitarrak eta ahotsak), Libe Garcia de Cortazarrek (tekladua eta ahotsak), Eneko Lezak (bajua) eta Iker Fernandezek (bateria eta perkusinoak) osotzen dabe, Basagurenegaz beragaz batera, Izaki gardenak bandea.

Perfekzinoa baino sentimendua izan dabe erispide kanten grabazinoak aukeratzerakoan. Kantek sentiarazoten eutsiena izan dabe kontuan, batez be.

Laster hasiko dira behar barria zuzenean aurkezten. Lehenengo kontzertua Anoetako gaztetxean egingo dabe, urriaren 18an. Ostean, Atarrabian, Bartzelonan, Gasteizen, Bilbon eta Durangoko Azokan joko dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu