Udal Txistularien Bandeak datorren domekan Aste Nagusia agurtuko dau Niko Etxartegaz batera

Bizkaie! 2013-08-22 16:20   Musikea

Bilboko Udal Txistularien Bandeak Aste Nagusiari agur esango deutso bere ohiko alarde tradizionalagaz eta tartean euskal rockaren aitzindari eta izar Niko Etxart izango da.

Bilboko Udal Txistularien Bandeak Aste Nagusiari agur esango deutso bere ohiko alarde tradizionalagaz eta tartean euskal rockaren aitzindari eta izar Niko Etxart izango da.

Niko Etxartek bere bakarkako lehen lana 1979an argitaratu eban, Nahasteka, eta ondorengoak izan ziran Has’ dantzan, Tumatxa eta Baikor lanak. Bere ibilbidea, Hapa-hapa eta Minxoriak taldeakaz egindako lanek osotzen dabe. Gainera hainbat kolaborazino lan egin ditu, adibidez, 2007an, Korrikaren abestia, Heldu korrikari eta 2002an, Altzürükü bere sorterrian, Ürrüti Jauregiko Peirot pastorala zuzendu eban.

Alardean, euskal rock’n’roll ospetsuaz gan, zuberotar musikariak Tumatxa eta Eperra abestien bersino originalak interpretauko ditu, Xanet Arozena, Arozenatar Hirukote anaien gitarra joleak lagundurik.

Garikoitz Mendizabal Udal Txistularien Bandako zuzendariak aukeratutako programea, Badator Marijaia ezinbestekoagaz osotuko da, kalejira eta erromeria herrikoien kutsuko beste hainbat doinuakaz batera, doinuek publikoa jantzan egitera konbidatuz. Gainera, Andres Ordorika eta Xabier Zabalaren Altza Bilbo eta Gora ikastola Arozetarren obrak be interpretauko ditue.

Doinu guzti horreen interpretazinorako, kolaboratzaile zerrenda luzeagaz gozau ahal izango dau publikoak. Udal Bandeagaz batera (Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Asier Garcia eta Garikoitz Mendizabal), Euskal Herriko Txistulariak, Bizkaiko Gaiteroak, San Antón Abesbatza (Alfredo Hurtado de Sarachoren zuzendaritzapean), Metal Boskotea (Alberto Urretxok zuzendua), eta Maite Olmos (pianoa), Iñigo Eskubi (gitarra), Xabi Aburruzaga (trikitixa) eta Ritxi Salaberria (baxua) bakarlariak be izango diralako.

Gainera, Beti Jai Alai Dantza Taldearen ikuskizuna be izango da, 2013an bere 45.urteurrena beteten duena (1968an, Basurtun sortua da). Taldean jarduten daben 150 jantzarik (80 nagusi eta 70 ume), mundu guztiak ikuskizunean parte hartzeko konbita luzatuko deutsee.

Txistularien alardea aste nagusiko uriko ikuskizunik tradizional eta maitatuena da Bizkaiko Txistularien Alkarteko Bilboko Ordezkaritzeak Arenalean antolatzen eban garaitik; bertan, beste batzuen artean, Arantza Olabarrietak, Fernando Aurrekoetxeak eta Boni Fernández maitatuak parte hartzen ebelarik. 2005. urtetik, Bilboko Udal Txistularien Bandea da ikuskizun honen ardurea dauena eta urte guzti honeetan zehar, hainbat artista konbidatuk parte hartu dabete bertan, berbarako, Kepa Junkerak, Los Cinco Bilbaínosek, Imanol Urkizuk, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek, Gozategik edo Zigor Sagarnak, besteak beste.

Kontuak kontu, datorren domekan, abuztuaren 25ean, eguerdiko 13:00ean hasiko da kontzertu bereziaBilboko Plaza Barrian.

Egitaraua:

- Ohorezko kontrapasa, herrikoia.
- Altza Bilbo, Andres Ordorikarena.
- Abestien potpourria IV, herrikoia Xabier Zabalaren moldaketakaz.
- Musde Ürrütia, herrikoia Xanet Arozenaren moldaketakaz.
- Oihaneko Zühainetan, herrikoia Txomin Agirregomezkortaren moldaketakaz.
- Jotea eta Porrue, herrikoiak.
- Kalejiren potpourria IV, herrikoia Xabier Zabalaren moldaketakaz.
- Gora Ikastola, Xabier Zabalarena.
- Tumatxa, Niko Etxartena eta Xanet Arozenaren moldaketakaz.
- Euskal rock’n’roll, Niko Etxartena eta Xanet Arozenaren moldaketakaz.
- Eperra, Niko Etxartena, Xanet Arozenaren moldaketakaz.
- Badator Marijaia, Kepa Junkerarena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu