Aurrekontua txikitu arren, eskaintzeari eusten deutsie EHUren Udako Ikastaroek

Dabi Piedra Robledo 2013-03-22 14:29   jardunaldiak

Gizartean sortzen diran kezka eta eztabaidei erantzutea da Udako Ikastaroen helburu nagusietako bat, horregaitik, urtero ahalegina egiten dabe pil-pilean dagozan gaiak aukeratzen. Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak esan dauenez, termometro sozial eta kultural bikaina dira gure ikastaroak. Udako Ikastaroakaz, urtean zeharreko eskaintza akademikoa osotuten dogu.

Bilbon aurkeztu ditue aurtengo ikastaroak. Oraingoz, 114 jarduera programauta daukaz EHUk, gizartean eragin handieneko gaiei lotutakoak. 18 jarduera euskeraz izango dira. Aurtengo udan izango diran EHUren 32. Udako Ikastaroetan, aurrekontua ia ehuneko 10 murriztu behar izan dabe baina, halandabe, ekintza kopurua igazkoaren antzekoa izango dala aurreratu dabe eta, ganera, bekak be lehengo moduan manteniduko ditue.

Gizartean sortzen diran kezka eta eztabaidei erantzutea da Udako Ikastaroen helburu nagusietako bat, horregaitik, urtero ahalegina egiten dabe pil-pilean dagozan gaiak aukeratzen. Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak esan dauenez, termometro sozial eta kultural bikaina dira gure ikastaroak. Udako Ikastaroakaz, urtean zeharreko eskaintza akademikoa osotuten dogu, ganeratu dau Goirizelaiak. Udako Ikastaroak 32. aldira heldu dirala be nabarmendu dau errektoreak eta, ganera, europar ikastaroen programearen barruan 25. urteurrena beteko dabe.

Oraingoz, 114 jarduera programau ditue: 72 ikastaro arrunt, 14 biltzar, sei eskola berezi, 12 tailer eta bederatzi jardunaldi profesional. Aurreko urteen antzeko bolumena mantenidu dogu, egia esan, aurreko urteetatik gehiegi ez hazteko politikea landu dogu, tamainu jasangarri bat eukitea nahiago dogu, azaldu dau Goirizelaiak. Jose Luis de la Cuesta ikastaroen zuzendariak ganeratu dauenez, azpimarratzekoa da eskaintzeari eustea, defizit bako jarduerak antolatzeko erabagia hartu dogun arren. Izan be, aurten, igazko aurrekontuan baino % 10 diru gitxiago daukie eta, halandabe, ikastaro kopurua antzekoa da. Era berean, matrikulea edo egonaldia finantzietako egoten diran bekak be mantenidu ditue, interesa daukien guztiek parte hartzeko aukerea izatea nahi dogu, adierazo dau de la Cuestak. Igaz 8.400 parte-hartzaile izan zituen, horreetatik 6.000 baino gehiago ikastaro arruntetan, eta aurten antzeko kopuruetara heldu gura dabe.

EHUren Udako Ikastaroetan, euskerazko jardueren presentzia gero eta nabariagoa da, oraindino oso txikia dan arren. Aurten, 114tik 18 baino ez dira izango euskerazko jarduerak, baina igazko 12ak baino gehiago dira. Bestetik, 25 europar ikastaro be emongo dira. Eskaintza zabal eta orekatua daukagu, dino Goirizelaiak, gizartean dagozan ardurei erantzuteko asmoz diseinau doguz ikastaroak. Holan, medikuntzearen erronka barriei buruzko jarduera ugari egongo dira eta, igazko moduan, aurten be krisi ekonomikoan arreta berezia ipiniko dabe. Krisiaren alderdi dramatiko batzuk, ikuspegi judiziala, bankuen eta herritarren arteko hartuemona eta abar aztertuko dira, aitatu dau de la Cuestak.

Bestelako gaien artean, Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologiek leku handia izango dabe, alde juridikotik zein hezkuntzeagaz lotutakotik aztertuko ditue. Identidadearen auzia be ikertuko dabe, talde biolentziatik bakerako bidea, erabagiteko eskubidearen ganeko gogoetea eta abar. Parte hartuko daben adituen artean, ezagunenak, Luis Rojas Marcos, Andoni Egaña eta Daniel Innenarity izango dira.

Gure helburua, ideiak freskatu eta gogoetea bultzatzea dira, adierazo dau Iñaki Goirizelaiak, udea horretarako sasoi aproposa da. Jarduera gehienak Donostiako Miramar Jauregian izango dira, baina Bilbon, Guardian, Tolosan, Zubietan eta Irunen be egongo dira ekintza batzuk. Saioak internet bidez emongo ditue eta, ganera, asko grabau egingo ditue, neguko on-line ikastaroetarako oso baliogarria da udan grabetan doguna, azaldu dau Jose Luis de la Cuestak, neguko internet bidezko eskaintzeak be gero eta jarraitzaile gehiago daukaz. Bekak eskatzeko epea apirilaren 23ra arte egongo da zabalik eta, maiatzean, matrikula murriztua egiteko erea egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu