Betagarri taldeak 'Zorion argiak' disko bikotxagaz ospatuko dau 20. urteurrena
2012-10-24 15:21 MusikeaBaikor eta indartsu datoz Betagarri taldekoak Zorion argiak (Elkar) disko bikotxagaz. 22 kanta barri sortu ditue, eta 11 kolaborazino batu ditue. Parau barik ibili dira hiru urteotan, eszenatokietan eta lokalean beharrean. Datorren urtean hogei urte bete ditu taldeak.
Baikor eta indartsu datoz Betagarri taldekoak Zorion argiak (Elkar) disko bikotxagaz. 22 kanta barri sortu ditue, eta 11 kolaborazino batu ditue. Parau barik ibili dira hiru urteotan, eszenatokietan eta lokalean beharrean. Taldearen 20. urteurrena dabe datorren urtean, disko barria zuzenean defendiduten ospatzeko asmoa dauke gasteiztarrek.
Aurreko estudioko lana grabau ebenetik lanean ibili da Betagarri taldea, hasieran kontzertuak emoten, eta gero disko barria prestetan. Ordu asko emon doguz lanean autortu dau Iñaki Ortiz de Villalba abeslariak. Taldearen bederatzigarren lan luzea da. Orain hogei urte abiatu zan Betagarri, pentsau be ez eben egiten orduan hainbeste urte alkarregaz egoteko kapazak izango ziranik, baina zorionez oraindino gogotsu dagoz. Guretzat garaipen bat da eszenatokietan egotea, nabarmendu dabe.
Danetariko erritmoak batu ditue, baina Betagarriren erritmo biziei eutsiz. Gure zigilu dan kutsu alai hori dauke abesti guztiek, esan dau Ortiz de Villalbak. Ska, reggaea eta rocka dagoz kanten oinarrian. Halanda be, hamaika kolabortatzaileek euren ikutu berezia emon deutse abestiei. Tonino Carotone, Xavi Sarriá (Obrint pas), Iñigo Muguruza, Gari, Kutxi, Francis Diez (Doctor Deseo), Juan (S. A.), Virginia de la Casa, El Drogas, Pirritx eta Porrotx eta Mikel Urdangarin konbidaduak baino lagunak dira taldearentzat, hogei urteotan egindako lagunak, hain zuzen be. Doinua eta berbak Betagarrik idatzitakoak dira, baina musikari bakotxak norbere espaziora eroan ditu abestiak.
Zorion argiak diskoaren eta abesti baten izenburu izateaz aparte, Betagarriren gaur egungo lemea be bada. Herri honek etorkizunari begira daukan erronkan - adierazo dau kantariak- zorion argiok bidean gidari izatea nahi dogu. Baikor dago Betagarri, eta eurak be aurrera segiduteko asmo sendoa dauke.
Zorion argiak aurkezteko zuzenekoak Ahetzen hasiko ditue, zemendiaren 10ean. Ostean, beste bost kontzertu egingo ditue Euskal Herrian: zemendiaren 16an, Andoaingo Gaztetxean; hilaren 22an, Bilboko Kafe Antzokian; abenduaren 8an, Durangoko Plateruena kafe antzokian; 28an, Donostiako Dokan; eta, urtarrilaren 4an, Gasteizko Jimmy Jazzen.
Kolaboratzaile guztiak batuko dituan zuzenekorik egiteko amesik ez dauke, danak batzea ezinezkoa da. Edozelan be, kontzertu bakotxean baten bat ekarteko ahalegina egingo dabe. Zuzeneko diskoa grabetako gogoz dago taldea, baina oraindiko ez zehaztu bako egitasmoa da.
Abenduaren 14an kontzertu berezia eskainiko dabe euren lokaletik. 45 bat minutuko kontzertua izango da, zuzenean. Jenetak twiter bidez nahi dauena esateko aukerea eukiko dau, ganera, azaldu dabe taldekideek. Betagarriren webgunean, facebooken eta myspacen ordua eta moduaren barri sasoiz emongo dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!