Bermeoko Nazinoarteko XXVII. Musika Asteak estilo askotako doinuak batuko ditu abuztuaren 6tik 10era
2012-08-02 14:52 MusikeaBermeoko Nazinoarteko XXVII. Musika Astea abuztuaren 6tik 10era bitartean izango da, eta Andra Mari eleizea izango da agertoki nagusia. Dana dala, azkenengo emonaldia Bermeoko Kafe Antzokian egingo dabe
Bermeoko Nazinoarteko XXVII. Musika Astea abuztuaren 6tik 10era bitartean izango da, eta Andra Mari eleizea izango da agertoki nagusia. Dana dala, azkenengo emonaldia Bermeoko Kafe Antzokian egingo dabe. Aingeru Astui Kultura, Gazteria eta Hezkuntza saileko zinegotziak eta Josu Unanue alkateordeak aurkeztu dabe egitaraua.
Kontzertu lirikoa, ganbera kontzertua, aintxinako musikea eta Argentinako doinuak izango dira aurtengo osogai nagusiak. Kalidadezko kontzertuak eskainiz, betidanik herrian izan dogun musika zaletasuna bultzatu nahi dogu, nabarmendu dau Astuik prentsaurrekoan. 1986an antolatu zan lehenengo bider Musika Astea.
Lehenengo hitzordua abuztuaren 6an izango da. Olatz Saitua sopranoak eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoak, Francisco Poyato pianisteagaz batera, kontzertu lirikoa eskainiko dabe. Mozarten musika-konposizinoak interpretauko ditu, Cosi Fan Tutte, Le nozze de Figaro, La clemenza de Tito eta Idomeneo lanetatik aukeratutakoak.
Naia Mandaluniz flauta-jotzaileak eta Carlos Noain klarinete-jotzaileak Flauta eta klarinetea XIX. mendean egingo dabe, abuztuaren 7an. Ganbera kontzertu honetan Javier Perez de Azpeitia pianistearen laguntzinoa eukiko dabe. Egitarauan, Schumann, Schubert, Kummer, Crussel eta Saint-Saënsen piezak ditue.
Abuztuaren 8an, Khantoria hirukoteak Tomas Luis de Victoriaren musikearen ganean eregitako glosa instrumentaletan oinarritutako emonaldia eskainiko dabe. Ander Berrojalbizek (biolin barrokoa), Maider Lopezek (biolea) eta Virginia Gonzalok (klabezina) Europako musika-eskola ezagunenetan ikasi dabe eta Erdi Aroko musikatik XXI. mendeko musikarainoko interpretazio arloan landu ditue beste talde batzuekaz be.
Herriko musikarien eguna abuztuaren 9an izango da, eguena. Izaro Abesbatza, Erandioko Musika bandeagaz batera izango da eszenatokian. Talde bakoitxak gaur egungo programea eskainiko dau, ostean, biak batera, euskal abestiak kantauko ditue, Mocedades mix eta Bai, bai, Urdaibai tartean.
Musika Astea abuztuaren 10ean amaituko da, Kafe Antzokian. Argentinar sustraidun Fernando Egozcue boskoteak jazza eta musika garaikidea buztartuko ditue. Fernando Egozcue (gitarrea), Marcelo Mercadante (bandoneoia), Juan Pérez de Albeniz (txeloa), Miguel Rodrigáñez (arkudun kontrabaxua) eta Martin Bruhn (perkusinoa) dira taldekideak.
Abuztuaren 6tik 9ra bitarteko kontzertuak Andra Mari eleizan egingo dira, 20:00etan, doban. Kafe Antzokiko kontzertuko sarrerak hiru euroan salduko ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!