Cheikh Lô musikari senegaldarra eta Kila talde irlandarra, Getxoko 8. Nazinoarteko Folk Jaialdian

Bizkaie! 2012-07-30 16:27   Musikea

Aurten, Getxoko 8. Nazinoarteko Folk Jaialdia irailaren 5etik 9ra izango da. Daborduko egitaraua prest dago. Cheikh Lô musikari senegaldarra eta Kila talde irlandarra izango dira protagonistak saio nagusietan.

Aurten, Getxoko 8. Nazinoarteko Folk Jaialdia irailaren 5etik 9ra izango da. Daborduko egitaraua prest dago. Cheikh Lô musikari senegaldarra eta Kila talde irlandarra izango dira protagonistak saio nagusietan. Mikel Urdangarin abeslaria eta Cristina Pato gaita-jotzailearen emonaldiak, eta Xabier Leteren omenezko Sortuko dira besteak kontzertua be aurtengo eskaintzearen barruan dagoz.

Jaialdiak 12 saio izango ditu, antolatzaileek aurreratu dabenez; Areetako Geltokia plazan izango dira kontzertu nagusiak, 21:00etan, eta arratsaldeko saioak, plazearen ondoko aparkalekuan, 19:00etan. Plazearen ondoko aparkalekuan izango dira bere bai Munduko Terrazak egitarauko kontzertuak (23:00etan) eta goizeko saioak (12:30ean). Bestelako jarduerak antolatu ditue, ganera: Gobernuz Kanpoko Erakundeen eta alkarteen postuak batuko dituan Gune Solidarioa, Munduko Eskulanen Azokea, hainbat herritako platerak eskaintzen dituan Munduko Terraza eta kaleko banden desfileak.

Saio nagusiak irailaren 6an hasiko dira, Mikel Urdangarinen emonaldiagaz. Abeslari zornotzarrak Cristina Pato gaita-jotzaile, pianista eta musikagileagaz kantauko dau. Irailaren 7an, Irlandako Kila taldea igoko da agertokira. Kila munduko musiken esparruan nabarmendu da azkenengo urteotan, doinu zelten eta perkusino afrikarren fusinoa egiten dau.

Irailaren 8an, Cheikh Lô artista senegaldarraren txandea izango da. Bere musika ekialdeko eta erdialdeko Afrikako doinu tradizionaletan dauka oinarria. Amaitzeko, irailaren 9an, Xabier Leteren omenezko Sortuko dira besteak ikuskizuna izango da, Pier Paul Berzaitz, Petti eta Mikel Urdangarin, Arantxa Irazusta, Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi) eta Alex Sardui (Gatibu) eta Amets Arzallus bertsolariaren eskutik.

Arrastiko saioetan, ondoko taldeak izango dira entzungai: Aba Taano ahots-talde ugandarra, Ganbara euskal taldea, Aragoiko Olga y los Ministriles, Gaztela eta Leongo Mayalde eta Toledoko Milo Ke Mandarini.

Munduko Terraza egitasmoan, Ermuko 2011ko Folkez Blai jaialdiaren lehiaketea irabazi eban Streetwings talde madrildarra eta Granadako Maui y los Sirénidos bandeak joko dabe. Jaialdiaren musika eskaintza, Mustapha Agharban musikari marokoarren umeentzako perkusino-tailerragaz, Suyana talde boliviarraren saioagaz eta Eskozia, Senegal, Galizia eta Bizkaiko kale-banden desfileekaz osotuko da.

Saio nagusiak ordaintzekoak izango dira eta ganerakoak, dobakoak. Sarrerak eta kontzertu guztietarako bonuak eguaztenean ipiniko ditue salgai BBKren orotarako kutxazainetan, www.bbk.es webgunean, Algortako Kultur Etxean eta 944 310 310 eta 94 491 40 80 telefono zenbakien bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu