Aitor Zulueta bermeotarrak 'La Hermandad del Atlántico' bere lehenego nobelea aurkeztu dau

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-07-04 15:29   Kulturea

Eneco de Baigorri gazte bermeotarraren itsas abentura zirraragarria jaso dau Aitor Zuluetak La Hermandad del Atlántico (Ttarttalo) nobelan. Bere lehenengo eleberrian XI. mendera egin dau salto, orduko itsasgizon bikingo eta frankoen artera.

Eneco de Baigorri gazte bermeotarraren itsas abentura zirraragarria jaso dau Aitor Zuluetak La Hermandad del Atlántico nobelan. Bere lehenengo eleberrian XI. mendera egin dau salto, orduko itsasgizon bikingo eta frankoen artera. Ttarttalo argitaletxeak kaleratu dau liburua, Abra bilduman.

XI. mendeko Vermeilon bizi da Eneco, itsasoaz harago zer dagoan jakiteko amesetan. Arroxelara egindako bidaia baten bikingoak ezagutu eta eurekaz batera Atlantikoa ezagutzeko abentureari ekingo deutso. Leif Eriksson itsasgizon bikingoagaz gaur egungo Kanadaraino ailegauko da. Abentura, gorabehera eta misterioz betetako istorioa ondu dau Zuluetak, eta Ttarttalo argitaletxeko Idoia Arozenak esan dauen lez, ez zarie aspertuko.

Personaia errealak eta asmautakoak batu ditu Aitor Zuluetak La Hermandad del Atlántico eleberrian: Eriksson personaia historikoa da, esaterako, bera izan zan Amerikara heldu zan lehenengo europarra; Eneco de Baigorri, barriz, fikzinozkoa da.

Dokumentazino lana ez da erraza izan, Zuluetak azaldu dauenez, XI. mendeko dokumentazino gitxi dago Euskal Herrian, eta gehiena ez dago argi edo kontraesan handiak dagoz. Iparraldeko Europaren ganean, ostera, informazino nahikoa topau dau, askoz be zehaztasun gehiagogaz.

Ozeano Atlantikoa bertan daukagun arren, ez dogu behar dan beste ezagutzen, idazle bermeotarraren eretxiz. Batez be, horregaitik iparraldeko lurraldeetan jazotako historia batu gura izan dau nobela honetan. Ondo ezagutzen dau Europako iparraldea; Islandia, Suedia, Norvegia, Danimarka. Han, Leif Eriksson da Ameriketara ailegau zan lehenengo europarra, ez Cristobal Colon.

Istorioa XI. mendean hasi eta XXI.ean amaitzen da, Holger Boenisch izeneko irakasle alemaniarrak Danimarkako Ribe herriko kanposantuan María de Baigorri izeneko andrearen hilobia topetan dauanean. Ez da izen eskandinaviarra, eta ganera inongo historia liburutan agiri ez dan alkarte bateko kidea izan zan. Personaia misteriotsu horren barri topau guran Atlantikoko beste puntaraino helduko da. Holan, iragana eta orainaldia batu ditu egileak, eta hamar mendeko saltoa bada be, oinarrian gizakiak ez gara askorik aldatu.

Marinelen eguneroko bizimodua ederto deskribidu dau. Ozeano Atlantiko erdian, gaur egungo teknologiaren laguntasun barik, eta inongo segurtasun barik, bizimodu gogorra euken. Abenturea eta lurralde barriak topetea sano idealizauta daukagu, eta horren kontra egin dau Zuluetak.

Aitor Zulueta (Bermeo, 1966) Geologia Zientzietan lizentziadua, eta ingurumen injinerua da. Kultura germaniarra eta bidaiak ditu gogoko, horren erakusgarri argitaratu barri dauen La Hermandad del Atlántico lana. Daborduko prest dauka bigarren liburua, eta hirugarrena be buruan bueltaka darabil. Bigarrena ez dau oraindino inork irakurri, gaur egungo istorioa da. Ikusiko dogu argitaratzen dan, adierazo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu