Mendebala jaialdia Kantauriko folkaz harago joango da 11. edizinoan
2012-06-21 15:50 MusikeaAurten, Mendebala jaialdiak Kantauriko folkaren doinuak gainditu, eta inguruko beste lurraldeetara edegiko dau egitaraua. Izan be, jaialdiaren 11. edizinoak Gaztela, Aragoi eta Kataluniako musikea ekarriko dau Sopuertara, garagarrilaren 6an eta 7an. Eta, aurten be, kontzertu guzti-guztiak doban izango dira.
Aurten, Mendebala jaialdiak Kantauriko folkaren doinuak gainditu, eta inguruko beste lurraldeetara edegiko dau egitaraua. Izan be, jaialdiaren 11. edizinoak Gaztela, Aragoi eta Kataluniako musikea ekarriko dau Sopuertara, garagarrilaren 6an eta 7an. Eta, aurten be, kontzertu guzti-guztiak doban izango dira.
Igaz esan genduan lez, aldaketakaz gatoz edizino honetan. Espazioa zabaldu dogu, eta Kantauriko kulturetatik harago joango gara, azaldu dau Santi Rodriguez Mendebala jaialdiko arduradunak. Filosofia beragaz segiduko dabela azpimarratu dau, baina formula barriakaz.
Garagarrilaren 6an, Kantabriako Gatu Malu taldeak zabalduko dau egitaraua. Kantabriako tradizinoan sustraitutako musikea egiten dau boskoteak, musika alaia, jai girokoa. Ostean, Gaztelako Judith Mateo biolin-jotzaile ezagunak folk musikea ska, funky eta rockagaz nahastean ekarriko dau. Maitips talde gazteak oraintsu kaleratutako Inventa el Món diskoa aurkeztuko dau Sopuertan. Folka, reggae eta rocka dira euren musikearen osogai nagusiak. Talde gaztea da, eta entzule gazteei gustauko jakela pentsetan dogu, esan dau Rodriguezek.
Jaialdiko bigarren egunean, garagarrilaren 7an, Ganbara euskal taldeak proiektu barria aurkeztuko dau. Euskal folkaren 80 eta 90eko erreferentea dira, eta hainbat urteren ondoren barriro ekingo deutsie zuzenekoei. Ganbarak atzera hasi dau ibilbidea, orain Xabi Aburrizaga trikitalariagaz batera -azaldu dau- eta igarten da, musikea transmitiduteko modua desbardina da. Aragoiko Biella Nuei izango da zapatuko bigarren taldea, eta oraingoan, ganera, Javier Paxariño saxo-jotzaileagaz batera joko dabe. Esne Beltzak erritmo bizia emongo deutso egitarauari, hip hopa, soula, rocka, folka eta beste makina bat estilo eszenatoki ganean buztartuta. Galiziako Ulträqäns laukoteak itxiko dau gaua, euren gaita doinuekaz. Amaitzeko modu ezinhobea da. Oso rockeroak dira, gaitea joten dabe, eta folkagaz batera, jazza, punka, ska eta funka batzen ditue.
Sopuertak 2.400 biztanle inguru ditu, ez da herri handia. Mendebala jaialdiak eragin handia dauka herrian bertan eta ingurukoetan. Mobimentu polita egoten da, hostaleritzan, turismoan..., azaldu dabe prentsaurrekoan. Horregaitik, Mendebala jaialdia atxakitzat hartuta, Sopuerta bera eta Enkarterriko ganerako herriak ezagutzeko konbita egin dabe.
Kontzertu guztiak 22:00etan hasiko dira. Akanpatzeko lekua be egongo da, eta hori be doban izango da. Artisau azokea 20:00etan edegiko dabe, egun bietan, eta goizaldeko ordu bietan zarratu.
Egitarau osoa, eta informazino gehiago: www.mendebalasopuerta.net
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!