Bilbao BBK Live jaialdiak musikea eroango dau uriaren erdigunera

Bizkaie! 2012-06-15 14:54   Musikea

Glen Hansard, Eli ‘Paperboy’ Reed eta Supersubmarina zuzenean izango dira Bilboko Alondigan eta BBK Aretoan Bilbao BBK Live Bereziak-en.

Bilbao BBK Live jaialdiak uriaren erdigunera eroan nahi dau zuzeneko emonaldien rock giroa, eta helburu horregaz, askotariko estilo musikalen kontzertuak antolatu ditue garagarrilean, Last Tour International-ek eta Bilboko Udalak jakinarazo dabenez.

Kontuak kontu, jaialdian izango diran Glasvegas eta The View taldeek Kobetamendiko emonaldien aurrekaria eskainiko dabe Bilboko Alondigan, kontzertu bana emonez garagarrilaren 13an eta 14an, hurranez hurran, dobako sarrereagaz.

Era berean, Bilbao BBK Live Bereziak zikloak be bat egingo dau uriko rock giroagaz, eta pil-pilean egongo da jaialdiaren astean, lehen mailako hiru kontzertugaz. Holan, BBK Aretoak Glen Hansard hartuko dau zuzenean garagarrilaren 10ean. Horrezaz gan, beste bi izarrek be kantauko dabe bertan: Eli 'Paperboy' Reed garagarrilaren 13an eta Supersubmarina 14an.

Glasvegasen kontzertuak aukerea eskainiko dau Eskoziako rock alternatiboaren talde onenetako bat ikusteko, Bilboko Alondigan. Taldeak 2008ko irailean plazaratu eban bere lehenengo diskoa, eta bi hilebete igaro orduko bere bigarren erreferentzia argitaratu eban; hirugarren diskoa, barriz, igaz jarri eben salgai.

The View taldea be Eskoziatik dator, punk, pop, folk eta rock alternatiboaren elementuak batzen dituan musikeagaz. Taldea bere iraupen luzeko laugarren lana aurkeztera dator Bilbora: Cheeky For a Reason, garagarrilaren 2an kaleratuko baita. Kontzertua Bilboko Alondigan izango da.


BBK Aretoa

Glen Hansard musikari polifazetikoa da, bere curriculumean abesti onenarentzako Oscar sari bat dauena, 2007ko edizinoan, Once filmerako sortutako Falling slowly abestiagaitik. Hansard abeslari, konpositore eta gitarristea da, The Frames irlandar taldearen eta The Swell Season folk-rockeko bikotearen liderra. Aktore lez be jardun dau The Commitments eta Once filmetan. Hansard-en abestien soinuak Bob Dylan, Leonard Cohen edo Van Morrisonen moduko musikari handiak ekarten ditu gogora. Bilboko emonaldietan, bakarka egindako karrerako abestiak aurkeztuko ditu, eta bere iraganeko proiektuetakoak be bai.

Beste alde batetik, Eli 'Paperboy' Reed egungo soulman onenetako bat da. Generoak 1960ko eta 1970eko hamarkadetan izan zituan izar handien bide beretik, ikuskizun parebakoa da eszenatokian musikari estadubatuarra. Abestu, gitarrea jo eta gorputza zein arimea ixten ditu emonaldi bakotxean.

Azkenik, Supersubmarina taldea Jaenetik, Andaluziatik etorriko jaku. 2009an, publikoa eta kritikoak konbentzitu zituan bere lehenengo bi EPei esker: Cientocero eta Submarina. Bere hurrengo diskoa, laster argitaratzekoa, Santacruz izenburukoa izango da, eta BBK aretokoa aukera ederra izango da lan horretan sartuko diran abesti barriak entzuteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu