Deustuagaz lotutako bizipenak eta gogoetak batu ditu Ignacio Villotak liburu baten

Dabi Piedra Robledo 2012-06-06 15:41   kulturbiz

Lehenagoko jazoerak eta pasadizoak batu ditu Recuerdos del Deusto de mi niñez liburuan, herri giroa bizirik egoaneko sasoikoak. Argazki ederrez apaindu dau lana.

Egilearen ustez, gaur eguneko Deustua auzo anonimo bat gehiago da, ez deutso aparteko nortasunik ikusten. Lehenagoko jazoerak eta pasadizoak batu ditu Recuerdos del Deusto de mi niñez liburuan, herri giroa bizirik egoaneko sasoikoak. Argazki ederrez apaindu dau lana. Gerra osteko garai latzak be gogoan izan ditu Villotak eta, ganera, danetariko gaiei buruzko hausnarketak tartekatu ditu. Liburuaren salmentatik atarako dan dirua gitxiagotasun psikikoa daukienei laguntzeko alkarteei emongo deutsie.

1935ean jaio zan Ignacio Villota, Deustuko herri giroa bizi-bizi egoan sasoian. Bilbora anexionau barri, 30eko eta 40ko hamarkadetan auzoaren itxurea erabat desbardina zan. Soloak, jauregiak eta baserriak ziran nagusi orduan, urigintza garatu barik egoan, gogoratu dau Villotak, ni 1952an Salamancara joan nintzan ikasten eta orduantxe hasi zan etxegintzearen gorakadea, Deustua goitik behera aldatu zan. Umetan ezagutu eban Deustua, Villotaren arabera, herrikoiagoa zan, alkarregaz gauzak egiteko giro hori ez egoan galduta. Umea zaneko pasadizoak, ikusitako gertaerak, familiako kontuak, eskolakoak eta abar batu ditu liburuan.

Gerra sasoia bizitea be egokitu jakon Ignacio Villotari eta leku handia eskaini deutso orduko egoera politikoari. Gerra aurreko Deustua politika arloan oso bizia zan, alderdi guztietako jentea egoan, azpimarratu dau, danek alkar ezagutzen ebenez, horrek neurri baten eragin eban batzuen kontrako errepresinoa leunagoa izatea. Halandabe, gerra ostea modu latzean gogoratzen dau, gu familia nahiko onekoak ginan eta tira, baina Deustuan miseria handia egon zan, jentea goseak egoan. Villotaren esanetan, ortuetan frutak ostuten zituen umeek, baina ez zan txikitako bihurrikeria bat, goseak eroaten zituan horretara. Errepresino politikoari be tartea egiten deutso liburuan, erregimenak gerra ostean egindako ergelkeriak agirian itxi nahi izan dodaz, aitatu dau. Semeari kalean Jontxu deituteagaitik persona bati 500 pezetako isuna ezarri eutsienekoa, adibidez. Bera baino zaharragoei galdezka be ibili da Villota, gerra osteko kontuak ez eze, Errepublika sasoikoak be sartu ahal izateko.

Ignacio Villota abadea da eta eleizeari buruzko kontakizunak ez dira falta liburuan, Deustuan parrokiak lan itzela egin eban gerra ostean, gizartea batzen eta galtzaileei laguntzinoa emoten, gogoratu dau. Eleizearen norabideari buruzko gogoeta sakonak be tartekatu ditu, ikuspegi kritikoz. Eleizearen hierarkiak hartu dauen norabideagaz ez dago gustura, aurrera barik atzera doala iruditzen jako sarri eta hori garbi azaldu dau, gotzainak-eta aukeratzeko orduan, azkarrenak hautatu beharrean, askotan, otzanenak eta tontoenak ipinten ditue.

Ume sasoiko kontuetatik eta eguneroko bizipenetatik tiraka liburu mardula osotu dau Villotak, gaur eguneko gaiei buruz idaztera be heldu da, atara kontuak, Bielsari buruzko pasarte bat be badago. Futbolak leku nabarmena dauka liburuan, Athleticek eta Deustuko futbol taldeak batez be. Deustuko tomate ospetsuen ganean be jardun da Villota liburuan eta Deustuko sarrera falsifikatzaileen eskolea dalakoa ez dau ahaztu: nire gaztaroan, baegozan Deustuan mutil abil batzuk, San Mameserako sarrera faltsuak egiten trebeak, gerora eskolako notak eta holakoak faltsutzera be heldu ziran, anekdota barregarriak batu dodaz euren kontura.

Deustua orduan herri baten parekoa zan, dino Villotak eta, hain zuzen, giro hori batu nahi izan dau liburuan. Gustura idatzi dot eta pozik geratu naz emoitzeagaz, uste dot irakurlearentzat atsegina dala. Argazki ikusgarriak be sartu ditu liburuan, gehiago kostau jat argazkiak topetea idazteko lana baino, autortu dau. Villotak berak egurrez egindako figuren eta eskulanen irudi batzuk be sartu ditue eta baita Deustuako antxinako baserriak kokatzeko planoa be. Recuerdos del Deusto de mi niñez liburuagaz batzen dan dirua Gorabidek eta Deustuako Solasetxek jasoko dabe, urritasun psikikodunakaz beharrean dabilzan alkarte bik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu