Musikearen alderik ezkutuenak, Bilboko Alondigako 'The side show' programan

Bizkaie! 2012-03-28 11:49   Musikea

Soinuaren modu desbardinetara hurreratzeko aukerea izango da martiaren 29tik 31ra bitartean Bilboko Alondigan, The side show: Musika ezkutuan EX programearen bigarren monografikoaren egitarauaren barruan. Soinua biziteko eta esperimentetako kontzertuak, performanceak, instalazinoak, tailerrak eta beste makina bat jarduera atondu ditue. Egitarauko ekitaldi gehienak doban izango dira.

Soinuaren modu desbardinetara hurreratzeko aukerea izango da martiaren 29tik 31ra bitartean Bilboko Alondigan, The side show: Musika ezkutuan EX programearen bigarren monografikoaren egitarauaren barruan. Soinua biziteko eta esperimentetako kontzertuak, performanceak, instalazinoak, tailerrak eta beste makina bat jarduera atondu ditue. Egitarauko ekitaldi gehienak doban izango dira, 18 hitzorduetatik 13, hain zuzen be.

EX-en bigarren monografikoak soinua hamaika ikuspegitatik ezagutzeko aukerak eskainiko deutsoz publikoari, beste diziplina batzuekaz daukan loturea aztertuko dau, baina ekimenaren izaera didaktiko eta parte-hartzailea ahaztu barik.

Pierre Bastien paristar artisteak, esaterako, tresna tradizionalak eta berak asmautako gailu mekanikoak erabilten ditu musikea sortzeko. Mecanium orkestreagaz batera, lau musika-instalazino prestauko ditu. Egunero izango dira ikusgai eta entzungai, 18.00etatik aurrera, Kulturen Atarian.

Martiaren 29an eta 30ean, Kulturen Atarian be, Bartzelonako Carlos López Campmany Reactable aurkeztuko dau, hau da, ikutu daiteken azaleradun musika tresna elektronikoa, 60ko hamarkadako sintetizadoreen antzekoa. Publikoa musikari bihurtuko da, Reactable dalakoa joteko aukerea eukiko dabe eta. Eguenean, Neopercusión taldeak A John Cage kontzertu-performancea estreinauko dau, DJ Krush Ko-no-Michi dokumentalagaz batera, 19:15ean Kulturen Atarian. Hiru egunetan musikearen mundu zabalaren aldeak ezagurazoteko asmoz, hainbat dokumental aurkeztuko dira. Bestelako musika proposamenak be izango dira Alondigan, besteak beste, Wave twisters Dj Qbert psikodelikoa eta V/A Brasilintime.

Martiaren 30ean, Luis Paniagua musikariak ahotsa, soinua, isiltasuna, arnasaz eta meditazinoaren ganeko tailerra emongo dau, 17:00etatik aurrera, Bastida aretoan. Egun eta leku berean, 21:00etan, Paniaguak Greziako lira mitologikoagaz, ahotsagaz eta Tibeteko ontziekaz atondutako kontzertua egingo dau.

Martiaren 31n, Amparo Badiola & Nick Burgek Entretanto entretenidos soinu-instalazino interaktiboa aurkeztuko dabe. Int>Act-en Psychopompos jantza garaikideko ikuskizuna eta Travis eta Xabi Strubellen umeentzako lan bereziaz gozetako aukerea izango da.

Egitaraua domekan itxiko da, 21:00etan, Watermelon DJaren eskutik. Watermelonek inprobisazinoa eta soinu paisaien sorkuntzea dau abiapuntu, hip-hop, jazz free eta ambient estiloak lantzeko.

The side show: Musika ezkutuan EX programearen egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu