Bilbaomusikako ume eta gazte koruek atzerriko lehen kontzertuak emongo ditue Parisen
2012-03-02 10:31 MusikeaDisneyland Pariseko publikoari, euskal musikearen tradizino zati bat eroango deutsee, izan be, nazinoarteko estreinaldian Maritxu, nora zoaz? abestuko dabe gure izar txikiek.
Edozein umeren (eta ez hain umeren) ilusinoa da; klasera joan beharrean eta oporraldiaren zain egon barik, Eurodisneyra bisitan joatea. Eta gainera, koruko lagunakaz kontzertu bat emotearen trukean baldin bada... Bilboko Udal Musika Eskolako ume eta gazteen koruek aste honetan egingo dabena da. Estadutik kanpo, atzerrian emongo daben lehen kontzertuak izango dira gainera. Gaur, barikua, hilak 2, Disney faktoriako zenbait doinu ezagun interpretauko ditue ilusinoaren erreinuko egoitzan, Disneyland Par¡sen. Eta etxera itzuli aurretik, Montmartreko Santa Teresa Pariseko eleizan be kantauko dabe, meza ospakizun batean.
Hamar eta 20 urte bitarteko neska-mutilez osotutako umeen eta gazteen koruko hirurogeita hamar ikasletik, berrogei ikaslek egingo dabe bidaia hau, umeen taldeko hamar (hamalau urtetik beherakoak) eta hogeita hamar gazteen taldekoak, guztiak Maite Olmos zuzendariaren batutapean, orain bost urte talde bien zuzendari. Arriagan eta Campos Antzokietan euren kantaldiak egin ondoren, gazte honeek salto handia emongo dabe taldeen sendotze eta autortza prozesuetan.
Disneyland Parisen emongo daben lehen kontzertuan, bi koruetako neska-mutilek, El rey león eta El libro de la selva filmetako doinu-bandak interpretauko ditue, mundu osoko melodietatik itzulia egin aurretik, Brasil, Japonia, AEB, Ingalaterra… Horrezaz gan, Disneyland Pariseko publikoari, euskal musikearen tradizino zati bat eroango deutsee, izan be, nazinoarteko estreinaldian Maritxu, nora zoaz? abestuko dabe gure izar txikiek.
Hilaren 3an, zapatuan, barriz, Sainte-Thérèse eleizan mezea protagonizauko dabe, Jerry Estes-en Kyrie, Adoramus te eta Gloria in excelsis; Nicolai Kedrof-en Gure aita; Giulio Cacciniren Ave María eta Bob Chilcott-en Kyrie interpretauko dituelarik. Ondoren, meza ostean, hogei minutu inguruko errezitaldia eskainiko dabe.
Domekan, hilaren 4an, etxera itzuliko dira eta esperientziaren barri kontetako gogoz itxarongo deutsegu, liburuak eta etxerako lanak be, zain izango dituelarik.
Bilboko Udal Musika Eskolea, Bilbaomusika Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko organismo autonomoaren barruan dago eta Udal Bandearen eta Txistulari Bandearen kudeaketearen arduraduna da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!