Benito Lertxundik erabiltzaile batek eitb.com webgunera bialdutako argazki bat aukeratu dau disko barriko azalerako

Bizkaie! 2012-02-21 11:15   Musikea

Jaizubiako Paduretan hartu eban argazkia Hondarribian bizi dan Mireia Berenguer 29 urteko kataluniarrak. Argazkia egunsentian ataratakoa da, behelaino zarratua zala eta isiltasun eta bakardade inguru magikoan.

Erabiltzaile batek eitb.com webgunera bialdutako eta ondoren ETBko Eguraldia tartean emon zan argazkia izango da Benito Lertxundiren Oroimenaren oraina izeneko hurrengo diskoaren azala. Jaizubiako Paduretan hartu eban argazkia Hondarribian bizi dan Mireia Berenguer 29 urteko kataluniarrak. Argazkia egunsentian ataratakoa da, behelaino zarratua zala eta isiltasun eta bakardade inguru magikoan. Horretarako, azken belaunaldiko eskuko telefonoaren kamera erabili eban, bereizmen handikoa.

Egun horretan, urtarrilaren 25ean, Iñaki Rodero Mireiaren lagunak argazkia eitb.com-en erabiltzaileentzat daben argazki eta bideo webgunera bialdu eban. Bertan, egunero Euskal Herriko bazter guztietatik dozenaka argazki aukeratzen ditue, ondoren ETBko Eguraldia tartean eskaintzeko. Roderok, egilearen izena adierazo barik bialdu eban argazkia, holan nahi izan ebalako Mireiak.

ETBko Eguraldia tarteko lan-taldeak beste batzuen artean aukeratu eban argazki hori eta gau haretan bertan eskaini eban. Benito Lertxundik, Elkar diskoetxetik dinoenez, argazkia telebistan ikusi ebanean, ez eban zalantzarik izan. Horixe zan bere lan barriaren mamina ondoen marrazten eban irudia: misterio eutsia, edertasun goiztiarra, bakardade gozoa eta basatia.

Diskoetxetik eitb.com webguneagaz jarri ziran hartu-emonetan. Era berean, EITBko webguneko argazki eta bideo erabiltzaileen zerbitzutik Iñaki Roderori deitu eutsien eta honek barria sorpresa handiz hartu eban. Sorpresaz gainera, poz handia be sentidu eban Mireia Berenguer argazkiaren egileak bere argazkia Benito Letxundiren hurrengo diskoaren azala izango zala jakitean. 29 urteko kataluniarrak bederatzi urte daroaz Hondarribian biziten, eta Goikoerrota Naturgunean egiten dau lan. Natura-eskola honetan arazoak dituen ikasle eta gazteei terapiak animaliakaz eskaintzen deutseez, besteak beste.

Benito Lertxundiren hurrengo diskoa Oroimenaren oraina izenburupean argitaratuko da maiatzaren erdialdean eta horren zabalkunderako hainbat kontzertu iragarri ditu, besteak beste, maiatzaren 5ean, Bilboko Euskalduna Jauregian, maiatzaren 19an, Donostiako Kursaal Auditorioan eta bagilaren 9an Iruñeko Baluarte Auditorioan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu