Eibarko Usartza txistu taldeak 75. urteurrenea ospatuko dau Bilbon emongo dauen kontzertuagaz

Bizkaie! 2012-01-11 10:12   Musikea

75. urteurreneko ospakizunetan sartuta, taldea osotzen daben hamar musikarik, errepertorio tradizional bat eskainiko deutsie bilbotar publikoari. Hitzordua gaur, eguaztena, hilak 11, 20:00etan, Euskalduna Jauregiko A3 aretoan. Sarrerea librea da edukierea bete arte. Usartza Txistu Taldea, Bilboko Udal Txistularien neguko denporaldiko kontzertuen egitarauan, urteko lehen talde konbidatua da, BilbaoMusikak antolatuta.

Bilboko Udal Txistularien Bandeak euskal musika popularraren zabalkundean ibilbide historiko handia dauen taldea omenduz hasiko dau urtea, Usartza Eibarko Txistu Taldea, hain zuzen be. Bere 75. urteurreneko ospakizunetan sartuta, taldea osotzen daben hamar musikarik, errepertorio tradizional bat eskainiko deutsie bilbotar publikoari. Hitzordua gaur, eguaztena, hilak 11, 20:00etan, Euskalduna Jauregiko A3 aretoan. Sarrerea librea da edukierea bete arte. Usartza Txistu Taldea, Bilboko Udal Txistularien neguko denporaldiko kontzertuen egitarauan, urteko lehen talde konbidatua da, BilbaoMusikak antolatuta.

Usartza Txistu Taldearen lehen kontzertua 1935eko apirilaren 16an izan zan, lau urte lehenago aldarrikatutako Errepublikearen oroimenez, arma-herriko Musika Bandak urtero eskaintzen eban kontzertuaren atsedenaldian. Gaur, garai haretan legez, txistuaren ahots desbardinak ordezkatzen dituen hamar musikarik osotzen dabe taldea: Elena Pérez (Lehen Txistua eta zuzendaria), Enrike Montero, Iratxe Giménez, Mireia Astiz, Ainhoa Urkizu eta José Miguel Laskurain, Lehen txistuak; Asier Castelos eta Javier Zorrakin, bigarren txistuak; Germán Ereña, silbotea; eta Iñaki Orbegozo, perkusinoa. Mari Sol Arrillaga soinujoleagaz eskainiko dabe emonkizuna.

Bilboko kontzertuan euskal errepertorio klasikoko autoreak interpretauko ditue, Isidro Ansorena eta Pepe Andoain adibidez, Usartzaren emonkizunetan, bere sorreratik, bai jai desbardinetan, ospakizunetan eta urtean zehar izaten diran hainbat protokolo ekitaldietan ohikoak diranak. Autore klasikoen doinuakaz batera, Sabin Bikandi edo Jose Ignacio Ansorena garaikideagoen doinuak be interpretauko ditu Usartzak.

Udal Txistularien Bandearen hurrengo kontzertua urtarrilaren 25ean izango da eta hor Mariano Santamaria piano jolearen parte hartzea izango dau beste behin. Bilbaomusika Bilboko Udalaren Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko erakunde autonomoa da eta bere ardurapean dagoz baita be, Musika Eskoea eta Musika Bandearen kudeaketea.


Bilboko Udal Txistularien Bandearen neguko denporaldia

- Talde konbidatua: Usartza Txistu Taldea, Eibarko txistularien bandea.
- Eguna: urtarrilak 11, eguaztena.
- Non: Euskalduna Jauregian.
- Ordua: 20:00etan (Sarrerea librea).

Egitaraua:

- Sonata-Adiskide lasaia, J.I. Ansorena.
- Fanbaltz (Valsa), Iñaki Kareaga.
- Amaiur (Rapsodia), Isidro Ansorena.
- Bolero ta polka xumea, ezezaguna
- Bertsolariak, E. Aranburu (T. Agirregomezkortaren moldaketak).
- Hiru Damatxo, J.I. Ansorena.
- Anaiak (Pasodoblea), Sabin Bikandi.
- Enma polka, M. Hermans.
- Auspo jotzailearen ametsa, Pepe Andoain.
- Gurea, Pepe Andoain.
- Goiburu, Pepe Andoain.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu