Carlos Velascok 'Muy personal' lehenengo diskoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2011-11-24 14:46   Musikea

Carlos Velasco emozinoaren hariei lotutako gitarra jotzaile bilbotarrak jazz erritmoak dakarzan Muy personal lehenengo diskoa aurkeztu dau gaur Bilbon.

Carlos Velasco emozinoaren hariei lotutako gitarra jotzaile bilbotarrak jazz erritmoak dakarzan Muy personal lehenengo diskoa aurkeztu dau gaur Bilboko Arteria Campos Eliseos Antzokian. Bi hamarkada luze pasau dira gitarrajole bizkaitarrak bere lehenengo grabazinoa kaleratzeko. Muy Personal diskoan konposizino onak eta musikari bikainak buztartzen dira, besteak beste, Borja Barrueta, Ivan San Miguel, Gorka Iraundegui, Santi Ibarretxe, Joshua Edelman...

Gure jazzaren uri handian badira kaleko janzten diran herritarrak nahiz eta artistearen trajea sekula eranzten ez daben. Katedrarik bako musikariak dira, euren sormena ezelako nabarmenkeriarik barik erakusten dabenak nahiz eta euren presentziarik barik jazzak ezingo leuken gauero arnasa hartu. Carlos Velasco gitarra jotzaile bizkaitarra sortzaileen arraza horretakoa da, musikearen benetako langileak, euren inspirazino-iturrien langileak. Gero, akaso sehaskatik heldu jako neke handiak eragin deutsozan artearen aurreko talentua, Basaurin sortu izanak bere arrastoak ixten baititu duda barik.

2011ko apirilean grabau eben lana Bilboko Hacerían, Saúl Santolariaren zuzendaritzapean. Bederatzi kantu batu ditue diskora, horreetatik zazpi hirukote formatuagaz —Borja Barrueta bateria jotzaile eta Iván San Miguel kontrabaxu jotzaile— eta bi laukoteagaz. Horretarako hiru artista konbidatu izan zituan alboan Carlos Velascok, Joshua Edelman piano jotzaile iparramerikarra eta Santi Ibarretxe saxu altu jotzaile eta Gorka Iraundegui Hammond jotzaile bizkaitarrak.

Carlos Velascok zuzenean aurkeztuko dau diskoa bihar, zemendiak 25, Bilboko La Haceria aretoan (Deustu/Zorrozaurre), Jazz Club egitarauaren barruan. Kontzertua arratsaldeko 20:30ean hasiko da.

ERRABAL Jazz zigiluaren eskutik dator Carlos Velascoren Muy personal lana

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu