Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak bere ibilbide osoa jaso dau 'Euskadi bihotzean' liburuan
2011-10-04 15:01 kulturbizArdanzak aurkezpenean azaldu dauenez, ez da memoria liburu soila, berak bizitako giro soziokultural eta politikoaren irudia baino, euskal uritar baten kontakizuna da, neure memoriatik abiatuta, zehaztu dau. Lanaren bersino bi argitaratu ditue, gaztelaniaz bata, euskeraz bestea.
Ardanzak aurkezpenean azaldu dauenez, ez da memoria liburu soila, berak bizitako giro soziokultural eta politikoaren irudia baino, euskal uritar baten kontakizuna da, neure memoriatik abiatuta, zehaztu dau. Lanaren bersino bi argitaratu ditue, gaztelaniaz bata, euskeraz bestea.
Bilboko Carlton hotelean izan da aurkezpen ekitaldia. Jose Antonio Ardanza berak argitu dauanez, ez da kasualidadez aukeratutako lekua izan: Hile honetan bete dira 75 urte lehenengo euskal estatutua sortu zala, Jose Antonio Agirre lehendakari eukan lehenengo Jaurlaritzea eratu zala, eta gobernu harek Carlton hotel honetan euki eban egoitzea.
Euskadi bihotzean liburuan, Jose Antonio Ardanzaren ibilbideari errepasoa egiten jako, gazte-gaztetatik politikan sartu zanetik 1999an lehendakaritzea itxi eban arte. Jeltzaleen EGI mobimentuan edo ETAn sartu, horixe izan zan hasieran egin behar izan eban aukerea, eta horrek betiko markau eban Ardanzaren jarduna, nik EGIren barruan ikusten neban ekintza ikusgarriagoak egin behar zirala, baina Juan Ajuriagerra buruzagi jeltzalearen aholkuari jarraitu neutsan; hau da, armak hartzen dituanak badakiala zelan hasiko dan, baina ez dakiala nora helduko dan eta podere militarra baino, zibila hobetsi behar dala, gogoratu dau.
Arrasateko alkate, foru diputadu eta lehendakari izan zan Ardanza. Agintaldiak gogorrak izan zirala autortu dau, hildako asko, izugarrikeriak ia egunero eta erabagietan zirt edo zart egin behar. Euskadi bihotzean memoriatik abiatuta eregitako liburua da, neure gomutak batu gura izan dodaz, neure ikuspegitik. Halandabe, oroitzapenak ez dira fidagarriak Ardanzaren ustez, subjektibotasunak uste baino gehiago eragiten deutso memoriari, horregaitik hurreko jente askori galdetuta eta dokumentuak konsultauta baieztau dau liburuan esaten dan guztia: Neure gomutez osotu dot lana, bai, baina egiatik hur ibili nahi izan dot, errealidadea kontau.
Jose Antonio Ardanzak onartu dau, hasiera baten, memoriak idazteko asmorik ez eukala, lehendakari izan nintzanetik ibili jat inguruko jentea ideia horregaz bueltaka, baina orain dala bost urtera arte, ez dot proiektu horretan sinistu, azaldu dau, seme-alabek esan eusten, beste batzuk ebilzala niri buruz idazten eta onena nire ibilbidearen kontaketea nik neuk egitea zala. 2010eko martian bihotzekoa izan eban Ardanzak eta horrek bultzatu eban behin betiko. Destino argitaletxearen proposamena onartu neban eta, gero, Txertoa argitaletxea be sartu zan, holan euskeraz be atara dogu liburua, adierazo dau. Bingen Zupiria kazetariak lagundu deutso idazketan Jose Antonio Ardanzari.
Lotsa puntua be emoten dau norbere memoriak aurkezten ibilteak, autortu dau Ardanzak, baina liburuan iraganeko kontu asko argitzen dirala be azaldu dau. Argeleko alkarrizketen ganean, esaterako, azalpen mamitsua dakar liburuak, urteen joanean zabaldu da jeltzaleon erruz Argelekoak oker urten ebala, baina nik memorietan azaltzen dot zelan EAJ-k ahalegin handia egin eban negoziazinoari eusteko. Ajuria Eneko itunaren ganean be, bere ikuspuntua zehaztu nahi izan dau, autodeterminazinoaz, independentziaz eta abarrez berba egitea ia delitu da gaur egun eta guk, 80ko hamarkadan, Ajuria Eneko adierazpenean aitatu genduan hori guztia, natural-natural, baina hori gaur egun ez da gogoratu nahi. Ardanzak ganeratu dau, jenteak uste dau ni lehendakari epela izan nintzala, ez oso ausarta, baina autodeterminazinoa, presoakaz zer egin eta antzekoak sarri aitatu nituan.
Gaur egun, egoera baikor ikusten dau Ardanzak: Nik 80 eta 90eko hamarkadetan amestutako egoeran gagoz, indarkeriak protagonismo txikia dauka eta ideia guztiak askatasunez adierazo daitekez. Indarkeriaren amaierea gizarteak berak eragingo dauela uste dau, bide horrek ez dauela balio erakutsi dau-eta, indarkeriak porrot egin dau, argi eta garbi esan behar da, orain behin betiko amaitzen jakin behar dogu. Horretarako, eskuzabal jokatzea komenidu dala ganeratu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!