Xabier Leteren omenezko zazpi kantaldi atondu ditue abendura bitartean

Bizkaie! 2011-09-01 14:35   Musikea

Zapatuan, hilaren 3an hasi, eta abenduaren 4ra arte, hainbat musikarik, poetek eta bertsolarik Xabier Leteren omenezko birea egingo dabe Euskal Herrian zehar, kantari ezagunaren heriotzaren lehenengo urteurrena dala eta. Kantaldiak Hondarribia, Iruñea, Baiona, Bilbo, Urnieta, Gasteiz eta Donostian izango dira. Xabier Lete eta bere musikea gogoratuko dabe emonaldietan. Bizkaian emonaldi bakarra izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian, urriaren 8an.

Zapatuan, hilaren 3an hasi, eta abenduaren 4ra arte, hainbat musikarik, poetek eta bertsolarik Xabier Leteren omenezko birea egingo dabe Euskal Herrian zehar, kantari ezagunaren heriotzaren lehenengo urteurrena dala eta. Kantaldiak Hondarribia, Iruñea, Baiona, Bilbo, Urnieta, Gasteiz eta Donostian izango dira. Xabier Lete eta bere musikea gogoratuko dabe emonaldietan. Bizkaian emonaldi bakarra izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian, urriaren 8an. Sarrerak salgai dagoz.

Talde handia batuko da Xabier Leteren omenezko saioetan, hain zuzen be: Mikel Urdangarin, Paco Ibañez, Txomin Artola, Amaia Zubiria, Xabier Euzkitze, Pier Paul Berzaitz, Karlos Gimenez, Joxan Goikoetxea, Xanet Arozena, Luis Fernandez, Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi taldeko kantaria), Antton Valverde, Erramun Martikorena, Arantxa Irazusta, Anjel Duhalde eta Petti musikariak; Bernardo Atxaga eta Hodei Etxarte idazleak; eta, Amets Arzallus, Xabier Euzkitze, Unai Ituarriaga eta Igor Elortza bertsolariak. Besteak beste, Xalbadorren heriotzean edo Herri zahar hontan kanta ezavunen bersinoak eskainiko ditue kantaldietan.

Xabier Lete 2010eko abenduaren 4an hil zan. Literatura nahiz musika arloan ekarpen handia egin eban; bere kantak sortzeaz aparte, beste egile batzuen (Txirita edo Lizardi, adibidez) poemak eta bertsoak zabaltzen lagundu eban musikearen bidez. 1965ean, 21 urte besterik ez zituala, Ez Dok Amairu taldearen sorreran parte hartu eban, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Jose Anton Artze, Jose Angel Irigaray eta Lourdes Iriondogaz batera. Taldea desagertu ondoren, bakarka edo Antton Valverdegaz batera kanteteari ekin eutson. Poema bilduma zabal-zabala landu eban, eta honi esker, euskerazko poesiaren Kritika Saria eta Euskadiko Literatura Saria eskuratu zituan.

Kantaldiak, banan-banan:

- Hondarribia, irailak 3, 20:00etan. Bentako karpa
- Iruñea, irailak 23, 20:00etan. Gaiarre Antzokia
- Baiona, irailak 24, 20:30etan. Udal Antzokia
- Bilbo, urriak 8, 20:00etan. Euskalduna Jauregia
- Urnieta, urriak 11, 22.00etan. Kiroldegia
- Gasteiz, abenduak 2, 20:00etan. Principal Antzokia
- Donostia, abenduak 4, 20:00etan. Kursaal

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu