Jackson Brownek Jabier Muguruzaren disko barrian parte hartu dau
2011-08-17 11:51 MusikeaBikote bat izenburuko diskoa, Jabier Muguruzaren 11. diskoa, Resistencia diskoetxeak kaleratuko dau.
Jackson Browne musikari estadubatuarrak datorren urrian Jabier Muguruzak argitaratuko dauen disko barriko Lausoa kristalean abestian parte hartu dau. Joandako garagarrilean, Jackson Brownek Donostian Heineken Jazzaldian parte hartu ostean adostu eben urrian entzun ahal izango dogun kolaborazinoa. Groove Masters Santa Monicako (Kalifornia) estudioan grabau dau ahotsa Brownek inglesez. Bikote bat izenburuko diskoa, Jabier Muguruzaren 11. diskoa, Resistencia diskoetxeak kaleratuko dau.
1998an, Muguruzak Jackson Brownen 50. urtemugea ospatzeko egindako Cantame mis canciones diskoan parte hartu ebanean, ezagutu eben alkar.
Geroago, Acordes con Leonard Cohen, Leonard Cohen omentzeko osotutako bilduman eta biran parte hartu eben bi musikariek.
Kontuak kontu, disko barriaren grabazinoa bi fasetan egin da, lehenengoa El Vendrelleko Auditoriumean (Mikel Azpirozen pianoak), eta bigarrena Katarain Estudioetan (Jabier eta Mireia Otzerinjauregiren ahotsak, eta lehenengoaren akordeoiak).
Bien bitartean, Muguruza jn.a Paradisuaz errezitaldia eskaintzen dabil Bernardo Atxagagaz batera eta hilebete barru, irailaren 13an, New York-en eskainiko dabe.
Horrezaz gan, Aitarekin bidaian, antzerki-obran be parte hartzen dago Jabier Muguruza Jose Ramon Soroiz eta Joseba Apaolaza aktoreakaz batera. Musikearen egilea izateaz gan, akordeoia joten dau zuzenean. Obrearen zuzendaria, Agurtzane Intxaurraga da.
Azken buruan, Casi izeneko umeentzako diskoan ahotsa jarri dau. Proiektuaren bultzatzaile nagusiak, Blanca Lacasa eta Alberto Matesanz dira, eta lana urtearen amaieran kaleratuko da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!