Jazz estiloa nagusi, Kike Moraren 'Jazz Project' bakarkako lehenengo diskoan
2011-06-23 15:35 MusikeaOrain arte beste talde eta artista batzuentzat kolaborazinoak egiten ibili da Kike Mora, musika produkzinoaren munduan be ibilbide oparoa dauka. Jazz Project diskoagaz, baina, proiektu propioa egin gura izan dau, eta horretarako Baga Biga diskoetxearen laguntasuna jaso dau.
Orain arte beste talde eta artista batzuentzat kolaborazinoak egiten ibili da Kike Mora, musika produkzinoaren munduan be ibilbide oparoa dauka. Jazz Project diskoagaz, baina, proiektu propioa egin gura izan dau, eta horretarako Baga Biga diskoetxearen laguntasuna jaso dau. Baxua joteko eta konponketak egiteko abilidadea erakusten dau Barakaldoko musikariak proiektu barrian; ganera, Musikene eskolako ikaskideen parebako laguntzinoa euki dau.
Bederatzi kanta ditu Jazz Project diskoak, danak be jazzaren inguruan eginak. Dana dala, jazzaren aniztasuna eta hetereogenotasuna agirian itxi dau, pieza bakotxa berezia da eta Mora artista eklektikoa dala nabari da. Hasiera baten kezkatuta egon nintzan, diskoak homogeneotasunik eukiko ez ebalakoan, baina konponketek eta baxuak batasuna emoten deutsie, azaldu dau Bilboko Arteria Campos aretoan egindako aurkezpenean.
Jazzaren inprobisazinoa eta prestakuntza sakona buztartzen ditue diskoko bederatzi abestiek; Kike Moraren esanetan, helburua musikea egitea izan da, barruan neukana atara eta erakustea. Orain arte, barakaldarrak ibilbide luzea egin dau musikearen arloan, baina beti izan da beste talde edo abeslari batzuen laguntzaile, esaterako Kepa Junkera, Korrontzi, Urgabe, Ainhoa Cantalapiedra eta abarregaz ibilitakoa da. Neure izenean dagoan zeozer atara gura izan dot, zehaztu dau. Baga Biga diskoetxearentzat be, jazz estiloko lehenengo diskoa da honako hau.
Kolaboratzaile ugari euki ditu Morak. Musikene goi mailako musika eskolako ikaslea izandakoa danez, laguntzaile guztiak be hango ikaskideak dira, ondo ezagutzen dodaz eta musikari bikainak dira.
Jazz Project diskoko zortzi kanta Kike Morak berak egin ditu, eta bederatzigarrena, akaso bereziena, The Beatles taldearen Yesterday abesti ezagunaren moldaketa instrumentala da, jazz kutsukoa. Sony etxea da egile eskubideen jaube eta denpora luzea eta bulego-lan gogorra egin behar izan dogu diskoan Yesterday sartu ahal izateko, azaldu dau Ritxi Aizpuru Baga Bigako arduradunak. Azkenengo momentuan sartu ahal izan dabe, baimena berandu heldu zan eta. Nik jazza atsegin dot, baina beste estiloak be bai eta tabernetan-eta joten nebanean, konturatzen nintzan 'Yesterday'-k arrakastea eukala, gustura entzuten zala, eta horregaitik diskoan sartzea erabagi dot', ganeratu dau barakaldarrak.
Kalean dago, beraz, Jazz Project diskoa, datozan hileetan bertako doinuak zuzenean entzuteko aukera zabala be egongo da. Garagarrilaren 10ean, Santutxuko Lube tabernan joko dau Kike Morak, eta 12an, barriz, Bilboko Cigarrerian. Zazpi Kaleetako Resident tabernan joteko asmoa be badauka, leku txikia da, baina hango jaubeak ahalegin handia egiten dau kontzertuak eskaintzeko eta ondo bidean, irailean Resident-en joko dot, zehaztu dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!