Josu Bergara kantautore bizkaitarraren 'Nora zoaz?' diskoa munduko hainbat herrialdetara heldu da
2011-03-28 17:33 MusikeaCD crossing ekimenari esker, 2010eko garagarrilean martxan jarri zanetik, diskoa mundu osoko urietara heldu da, besteak beste, Tokioko metrora, Moskuko Plaza Gorrira, Argentinako Perito Moreno glaziarrera, Miamiko Jai Alai frontoira edo Zeelanda Barriko Wanaka lakura.
Josu Bergara kantautore bizkaitarrak argitaraturiko Nora zoaz? diskoa munduko herrialde desbardinetara heldu da CD crossing ekimenari esker. 2010eko garagarrilean martxan jarritako ekimen honen bidez, diskoa mundu osoko urietara heldu da, besteak beste, Tokioko metrora, Moskuko Plaza Gorrira, Argentinako Perito Moreno glaziarrera, Miamiko Jai Alai frontoira edo Zeelanda Barriko Wanaka lakura.
Liburuak alkartrukatzeko ezaguna egin dan Bookcrossing ekintzan oinarritzen da Eako musikariaren CD crossing proposamen barria. Hain zuzen, bookcrossing tarteko liburuak parke, liburutegi, garraiobide eta beste gune publiko eta zabaletan ixten dira, edozeinek topau eta etxera eroateko.
Musikariak azaldu dauenez, CD crossing ekimenaren kasuan, bere lagun eta ezagunek euren bidaietan diskoak munduko toki desbardinetara eroan ditue. Holan, auzolanean, 30etik gora lagunek hartu dabe parte.
Nora zoaz? diskoaren aleak topauko dituenak, diskoaren atzekaldean ekimena ingelesez azaltzen dauen pegatinan hurrengo mezua irakurriko dane: CD crossing Josu Bergara is a singer song-writer from Basque Country (Europe). If you find this CD you can listen, copy or donate it. This is an experimental way to share Basque music all over the world. You can let your opinion or get more info in: www.josubergara.com.
Gainera, CD crossing ekimenean parte hartu dabenek hainbat argazki atara ditue aireportuetan, parke naturaletan, hondartza zein eraikin ezagunen aurrean. Lehen parte-hartzailea, Japonera bidaiatu eban Iñigo eskoriatzarra izan zan. Tokioko metroan bertan, Osakan eta beste zenbait uritan itxi eban diskoa. Geroago, Karlos eta Amaia bilbotarrei esker, diskoa Moskura heldu zan. Gaur egun, 30 parte-hartzaile baino gehiagok euren laguntzinoa eskaini dabe, azken argazkiak Oman eta Kuwait herrietatik heldu diralarik.
Ekimena apurka-apurka indarra hartzen joan da sare sozialen bitartez. Era honetan, Josu Bergarak bere facebook orrialdean www.facebook.com/josubergaramusika argazki guztiak ikusgai jarri ditu eta twitter kontuan #cdcrossing etiketea erabiliz www.twitter.com/josubergara bidaien jarraipena egin dau.
Hamar abestiz osotutako lanean euskal kantautore tradizionalen oinarritik hasi eta erritmo eta bide musikal barrietara aurrerapausua emon dau Eako musikariak. Konposizino lanen erronka nagusia bakarlariaren kantuak hartu eta talde-abesti bihurtzea izan da, eta emoitzan atzemoten danez, kantu barriek indarra eta freskotasuna irabazi dabe.
Modu honetan, rock, jazz eta bossa soinuakaz konposizinoak aberastu ditue; adibidez, Galdu gara, Hodei eta euri gehiago eta Txikitan kantuetan saxofoia eta bibolinak pop-rock bandeagaz alkartzen dira. Halan da be, kantautorearen xarma edo kutsu berezia ez eban galdu gura, eta egileak eta teknikariek Eneritz edo Beldurra kantuetan esentzia edo espiritu horri eustearen aldeko apustua egin dabe.
Era berean, Lapatzatik kantua bizkaiko kostaldeko eatarren omenez egindako abestia da, eta holan habanera erritmoa hartuta, mariñelen ingurukoak eta este zenbait istorio kontetan ditu herri txiki horretako bizkaieraz idatzitako berbetan.
Datozen hileotan, bakarlari bizkaitarrak, Jon Landeta gitarristeagaz batera, Nora zoaz? diskoko abestiak akustikoan aurkezten jarraituko dau, maiatzaren 14an Londreseko euskal alkartean eta maiatzaren 27an Laudioko (Araba) Basalarrina alkartean, besteak beste.
Nora zoaz? CD crossing - Bideoa
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!