Donostiako Orfeoiak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak Social Antzokia berrinaugurauko dabe zapatuan

Bizkaie! 2011-02-22 16:43   Musikea

Basauriko areto ezaguna zarratuta egon da barriztatze lanak dirala eta.

Zapatuan, hilaren 26an, Donostiako Orfeoiak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) eskainiko daben kontzertuak berrinaugurauko dau Social Antzokia. Basauriko areto ezaguna zarratuta egon da igaztik, barriztatze lanak dirala eta. Emonaldia 20:30ean hasiko da.

Ruben Gimenok zuzenduko ditu Donostiako Orfeoia eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa, eta Jesus Guridiren Eusko irudiak eta Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia abestuko ditue. Naroa Intxausti sopranoa, Maria Jose Suarez mezzosopranoa, Andeka Gorrotxategi tenorea eta Christopher Robertson baxua izango dira bakarlariak.

Kontzertua igazko zemendian egitekoa zan, baina Social Antzokia barriztatzeko beharrak atzeratu egin ziranez, emonaldia bera be atzeratu egin behar izan zan. Zaharbarritze lanen ostean, 800 jesarleku izango ditu Socialek, lehen baino 52 gehiago. Antzokiko eszenako kaxa eta ezaugarri akustikoak be hobetu egin ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu