'Azulejo frio' disko barria atara dau Txarrenak

Bizkaie! 2011-02-09 09:29   Musikea

Taldea zuzenean ikusteko lehenengo aukera martiaren 4an izango da, Atarrabiako Totem aretoan

'Azulejo frio' (Maldito Records) diskoa atara barri dau Enrique Villareal 'El Drogas' buru dauen Txarrena taldeak. Hemeretzi urte pasau dira lehenengo diskoa kaleratu ebenetik; orduan 43.000 kopia saltzea lortu eben. Igaz otu jakon Villareali aspaldiko proiektua berreskuratzea, Barricadagaz 'La tierra está sorda' beharraren biran egoala. Gerra zibilaren ganeko disko kontzeptualaren ostean, lan arinagoa egin gura izan dau musikari ezagunak. Lan barri honetan gaua eta gaueko giroa dira nagusi, hamabost abestietako berbetan argi agiri danez.

Txarrenaren disko barri honetarako musikari ezagunak batu dira: Brigi Duque (Koma) bateria, Eugenio Aristu (Flako) baxua eta Txus Maraví (La lengua de Trapo) gitarrista. 'El Drogas'-ek azaldu dauenez, banda honegaz asko gozatzeko asmoa dauka, eta proiektuak jarraipena izatea be gura leuke.

'El Drogas'-ek adirazo dauen legez, aspalditik eukazan hainbat kanta idatzita, baina inon argitaratu barik egozan, Barricadako disko baten be ez eukelako lekurik. 40 edo 50 kontzertu gustora emongo leukezala esan dau musikari nafarrak, nahiz eta oraindino zazpi bat besterik ez euki hitzartuta. Txarrenaren lehenengo zuzenekoa Atarrabiako Totem aretoan izango da, martiaren 4an. Diskoak sinatzen gaur hasi da Vallecasen (Madril), eta datozen egunetan horretan ibiliko da: 10ean, Donostiako Fnac-en; 11n, Elkar megadendan; eta, 14an, Bilboko Fnac-en.


Hona hemen Txarrenaren zuzenekoen zerrenda:

- Martiaren 5ean, Bartzelonako Razzmatazz aretoan.

- Martiaren 11n, Bilboko Kafe Antzokian.

- Martiaren 12an, Zaragozako Lopez aretoan.

- Martiaren 18an, Madrilgo Joy Eslava aretoan.

- Martiaren 19an, Gasteizko Jimy Jazz aretoan.


Informazino gehiago:

http://www.myspace.com/txarrena

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu