Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Jesus Egigurenen 'Kindly Symphony' estreinauko dau
2011-02-04 10:04 MusikeaPartitura hau, EOSek euskal konpositoreen produkzinoaren sorkuntzea eta zabalkuntzea bultzatzeko politikearen barruan eskatutako obren katalogoari batzen jako. Bonu-programa barri honi jagokozan kontzertuak zezeilaren 5ean Gasteizko Principal Antzokian, 7an eta 10ean Donostiako Kursaal Auditoriumean, 8an Iruñeko Baluarten eta 9an Bilboko Euskaldunan izango dira.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean kontzertuak eskaintzera eroango dauen bere bonu-denporaldiko zortzigarren programea preparetan dabil egunotan eta, Oleg Caetaniren zuzendaritzapean, Jesus Egiguren konpositore durangarrari eskatutako Kindly Symphony obrea estreinauko dau.
Partitura hau, EOSek euskal konpositoreen produkzinoaren sorkuntzea eta zabalkuntzea bultzatzeko politikearen barruan eskatutako obren katalogoari batzen jako. Bonu-programa barri honi jagokozan kontzertuak zezeilaren 5ean Gasteizko Principal Antzokian, 7an eta 10ean Donostiako Kursaal Auditoriumean, 8an Iruñeko Baluarten eta 9an Bilboko Euskaldunan izango dira. Emonaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.
Oleg Caetani maisua 1999an ibili zan lehenengo aldiz EOSen denporaldian zuzendari konbidatu moduan, eta ordutik beste zenbait alditan bueltau da, bai EOSen podiumera eta baita Orchestra Sinfonica di Milano Giuseppe Verdi-ren zuzendari legez; izan be, 1999tik lotura berezia dauka italiar orkestra horregaz.
Bestalde, Jesus Egigurenen (Durango, 1945) Kindly Symphony pieza ohiko sinfonia klasikoa da, bizi dogun garaiaren desbardintasunakaz eta egileak zilegi dituan lizentziakaz betibe, egilearen beraren berbetan. Lizentzia horreetako bat tratamendu laburra da, sinfonia kontzentratutzat jo daitekeelarik.
Durangoko Orfeoiagaz dituan hartu-emonak dirala eta, bere konposizino-katalogoan nagusi dira abesbatzarako lanak; 50etik gora dira eta horreen artean aitagarriak 12 apuntes a un tema vasco (1987), Et j'aime uniquement (1994), Kometak haizetan (1996) eta Ad festivitatem Corpus Christi (2004).
Egigurenek bere emaztearen gomuteari eskainitako Kindly Symphony EOSen enkarguen katalogoari gehitzen jako, Carmelo Bernaola, Felix Ibarrondo, Luis de Pablo, Anton Larrauri, Francisco Escudero, Rafael Castro, Tomás Aragüés, Ramon Lazkano, Gabriel Erkoreka, Zuriñe F. Gerenabarrena, Antonio Lauzurika, Joseba Torre eta hemendik aurrera Jesús Egigurenen beraren lanak batzen dituan katalogoari, hain zuzen.
Estreinaldi honetaz gan, Formaren laudorioa izenburuko kontzertuen egitaraua beste bi sinfoniak osotuko dabe: Franz Schuberten 2. Sinfonia eta Cesar Francken Sinfonia re minorrean. Programa honen inguruko oharren egilea dan Juan Manuel Vianaren ustez, artean nerabea zan Schubertek bere 2. Sinfonian Vienako klasizismoaren eskemei eutsi eutsen; ostera, bizitzaren azken aroan Franck belgikarrak forma ziklikoko ideala sintetizau eban egin eban sinfonia bakarrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!