'XI. Emakumeak Musikan' Jaialdia astegoienean Getxon
2011-04-15 12:23 MusikeaEmakumeak Musikan Elkartearen eskutik, ekimen honek emakumezkoen musika konposizinoak zabaltzea eta bultzatzea dau helburu.
Astegoien honetan (Apirilak 16 eta 17) 'XI. Emakumeak Musikan Jaialdia izango da Getxon, Areetako Andrés Isasi Musika eskolan. Izen bereko alkarteak antolatuta, Getxoko Kultur Etxearen laguntzaz, ekimen horrek emakumezkoen musika konposizinoak zabaltzea eta bultzatzea dau helburu. Kontuak kontu, zapatuan, hilak 16, Rafal Jezierski biolontxelo-jotzaileak eta Nieves Pascual pianisteak osotutako bikotearen txandea izango da eta, domekan, Elena de Santosek piano-errezitaldia eskainiko dau. Horrezaz gan, domekan be mahai-ingurua egongo da 18:00retan. Saio guztiak 20:00etan izango dira eta kontzertuetarako konbidapenak, dobakoak, Getxoko Kultur Etxeetan eta Areetako Musika Eskolan jaso daitekez.
Lehenengo egunean, Rafal Jezierski biolontxelo-jotzaile poloniarrak eta Nieves Pascual pianisteak joko dabe. Jezierskik Juilliard School musika eskola ospetsuan ikasi dau eta Miroslav Rostropovich musikari handiaren maisu-eskoletako ikasle izan da. Gaur egun, Valentziako orkestrako instrumentistea da eta, horrezaz gan, zenbait ganbera-taldegaz ibilten da. Bestalde, Nieves Pascualek Valentziako Goi-Kontserbatorioan ikasi eban eta hainbat sari irabazi ditu; horreen artean, Alemaniako Jugend Musiziert nazinoarteko lehiaketearen lehenengo saria aitatu behar da. Getxon, bikoteak Lili Boulanger, Consuelo Díez, Louise Adolpha Le Beau, Alicia Coduras, Dolores Serrano Cueto, Magaly Ruiz eta Encarna Beltrán-Huertas musikagileen piezak joko ditue. Azken hiru konpositore horreen lanak erabateko estreinaldiak izango dira.
Domekan, eguneko programea 18:00retan hasiko da Mujer y piano mahai-inguruagaz. Horretan emakume konpositoreak parte hartuko dabe. Jarraian, 20:00etan, Elena de Santos pianistearen saioa hasiko da. Musikariak musikagile espainiarren piezak estreinau ditu eta RNE, TVE eta Alemaniako telebistentzako grabazino lanak egin ditu. Gaur egun Nuevo Ensemble de Segovia taldeko kide da eta Madrileko Teresa Berganza kontserbatorioko irakaslea da. Domekako kontzertuan, besteak beste, María Dolores Malumbres, Cecile Chaminade, Anna Boffill, Clara Schumann, Mariona Vila eta María Luisa Ozaita konpositoreen piezak interpretauko ditu.
Emakumeak Musikan
Emakumeak Musikan Elkarteak errezitaldiak eta hitzaldiak eskaintzen ditu historiako zenbait garaitako emakumeen musikea ezagutzera emoteko asmoz. Horrezaz gan, emakumez osotutako iraganeko eta gaurko musikea ikertu eta katalogetan dau beste zeregin batzuen artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!