Europako azken kontzertua Getxon emongo dau Rafael Amorrek
2010-11-26 10:32 MusikeaRafael Amorren kontzertuagaz abiatuko ditu bere 10. urteurreneko ospakizunak Koska Irratiak, Uribe Kostako irrati libreak. Datorren urteko zezeilera arte luzatuko dira bestelako ekimenak. 10 urte uhinetan. Eskerrik Koska lelopean, egitarau potoloa preparau dau Uribe Kostako Koska Irratiak
Rafael Amor (Buenos Aires, 1948) kantautore argentinarrak aurten Europan zehar eskaintzen dagoan birea Getxo udalerriko Itzubaltzeta auzoan amaituko dau gaur, hilak 26, barikua. Corazón libre edo No me llames extranjero lako abestien egileak Itzubaltzeta gaztetxean emongo dau Atlantikoaren alde honetako azken kontzertua, iluntzeko 21:00etan. Sarrerak 5 euroan erosi ahal izango dira zentro sozialeko atean bertan. Ekitaldi horregaz abiatuko ditu bere 10. urteurreneko ospakizunak Koska Irratiak, Uribe Kostako irrati libreak. Datorren urteko zezeilera arte luzatuko dira bestelako ekimenak. 10 urte uhinetan. Eskerrik Koska lelopean, egitarau potoloa preparau dau Uribe Kostako Koska Irratiak.
Rafael Amor Buenos Aireseko 62 urteko abeslariak 17 disko eta bi liburu sortu ditu. Argentinako musikan, bere belaunaldiko autore garrantzitsuenetakoa da eta bere abestiak Mercedes Sosa, Jose Larralde, Alberto Cortez, Facundo Cabral edo Los Sabandeños lako abeslariek kantau ditue. 1973an, Espainiaratu zan eta bertan egin zituan bere lan gehienak, Hegoamerikako musika iraultza izateagaz batera. Transizinoaren garaian bere kantak famatuak egin ziran. No me llames extranjero eta Elegía a un Tirano batez be. Ondoren etorriko ziran El perro cojo eta Corazón libre, Mercedes Sosa eta Alberto Cortéz-egaz batera grabautakoak. Orain arteko azken diskoa 2008an grabau eban, El cantavidas izenekoa.
Euskal Herrian, Bilboko Kafe Antzokia eta Itzubaltzetako gaztetxea gustuko plazak izan ohi ditu Amorrek. Getxon gaur jo ondoren, Argentinara bueltauko da Independencia diskoa aurkeztera eta Atahualpa saria jasotera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!