Euskal Herria hobeto ezagutzeko jolas barria aurkeztu dabe Bilbon
2010-11-15 14:44 kulturbizZer gara gu, nor gara gu aurkeztu dabe Bizkaiko uriburuko Elkar liburudendan, Euskal Herriko oinarrizko gaiak euskeraz eta modu ludikoan ikasteko mahai jolasa. Familian edo lagunartean olgetako pentsau dabe, sei urtetik gorako umeentzat.
Zer gara gu, nor gara gu aurkeztu dabe Bizkaiko uriburuko Elkar liburudendan, Euskal Herriko oinarrizko gaiak euskeraz eta modu ludikoan ikasteko mahai jolasa. Familian edo lagunartean olgetako pentsau dabe, sei urtetik gorako umeentzat.
Gotzon Barrueta da egilea eta bere jolasaren alderik onena da 'edozein lekutara eroan leitekela, baita kalera be'. Izan be, mahai jolasa izan arren, jokatzeko taula eta guzti, karta sortak bakarrik erabilita be olgau leiteke edozein lekutan. Karta bakotxean hainbat galdera dagoz, Euskal Herriari buruzkoak eta erantzun posible bi. 'Erantzun okerra beti da astakeria, holan, asmetea erraza da eta umeek ez dabe dudarik izango', Barruetak azaldu dauenez. Modu ludiko, atsegin eta errazean euren inguruko gauzak ikastea da jolasaren asmoa eta ez galdera gatxak jartea.
Zer gara gu, nor gara gu jolaseko galdera-erantzunak hainbat gaitan banatuta dagoz (mendiak, kirolariak, idazleak, euskerea, naturguneak, jaiak eta abar), Euskal Herriagaz lotutakoak danak, 'Euskal Herriko gaiak ezagutzeko sortu dot jolasa, kanpoko datuak ikasteko umeek badaukiez beste modu batzuk', aitatu dau Gotzon Barrueta egileak. Holan, jokatzeko taulan, galderak asmau ahala, Euskal Herriko zazpi lurraldeak irudikatzen dituan ibilbidea osotuko dabe parte-hartzaileek.
Galdera-erantzunen kartak be koloretsuak eta erakargarriak dira eta argazki bana daukie guztiek, 'bestela aspergarri edo astun egin leiteke', Barruetaren ustez. Bestetik, egileak azpimarratu dau, jolasa euskeraz pentsauta eta eginda dagoala, ez dala itzulpena. Ganera, euskera errazean idatzita dago.
Bilboko Udalak babestu dau Zer gara gu, nor gara gu jolasa eta Ana de Castro Euskera Zinegotziak azaldu dauenez, 'sustatu gura dogunagaz bat egiten dau egitasmoak, euskerearen aldeko konpromisoan sakontzeko'. De Castrok azaldu dauenez, bestalde, 'gaur eguneko gazteek atzerriko kirol izar guztiak ezagutzen ditue eta bertokoa kontuan hartzen lagunduko deutsie mota honetako jolas batek'.
Salgai dago dagoeneko Zer gara gu, nor gara gu, 6 urtetik gorako umeentzat eta familientzat aproposa dan jolasa. 'Euskaltegiko ikasleentzat be egokia izango da formatua', ganeratu dau Gotzon Barrueta egileak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!