Bilbok Angela Figuera poeta bilbotarraren jaiotzearen urteurrena ospatuko dau

Bizkaie! 2010-11-02 13:20   Kulturea

Bilboko Udalak Ángela Figuera poeta bilbotarraren jaiotzearen urteurrena ospatuko dau gaur, martitzena, zemendiak 2, poesia eta piano errezitaldiagaz; hitzordua Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan da 19:30ean.

Bilboko Udalak Ángela Figuera poeta bilbotarraren jaiotzearen urteurrena ospatuko dau gaur, martitzena, zemendiak 2, poesia eta piano errezitaldiagaz; hitzordua Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan da 19:30ean. Poeta bikaina 1902ko urriaren 30ean jaio zan Bizkaiko uriburuan. Aurten bere urteurrena astegoienean tokau danez, ospakizuna martitzenera ekartea erabagi da.

Gerra osteko poeta handia izan arren, jente gehienak ez dau asko ezagutzen Ángela Figuera. Hori dala eta, 2008an, Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak urteko egun bat instituzionalizau eban haren ohoretan, idazlearen bizitza eta lana ezagutarazoteko. Holan, Ángela Figuera Eguna, Bilboko beste hiru literaturgile handien egunei gehitzen jake, Miguel de Unamunoren, Gabriel Arestiren eta Blas de Oteroren egunei, hain zuzen be.

Omenaldi ekitaldiaren buru Ibone Bengoetxea, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzia izango da, eta Juan Ramón Figuera, idazlearen semea, be bertan egongo da. Literatur ekitaldian bere poema ezagunenetako batzuk irakurriko dira, Judith Jáuregui musikari gazteak musikaz lagunduta.

Susana Soleto (Gasteiz, 1975) antzezle arabarrak jarriko deutse ahotsa Figueraren poemei, Judith Jauregi piano jotzaile ezagunak (Donostia 1985) pianoan lagunduta. Jaialdi handietan, Bilboko Musikan, Granadako Nazinoarteko Musika eta Jantza Jaialdian, Madrilgo Scherzo Musika jotzaile Gazteen Zikloan edo Donostiako Hamabostaldian, arrakasta handiz parte hartu ondoren, Judith Jáuregui, bere belaunaldiko piano jotzaileen artean proiekzino gehien dauen musikarietako bat da.

Horrezaz gan, hainbat sari irabazi ditu, nazino zein nazinoarte mailan. Horreen artean azpimarratzekoak dira Valladolideko Nazinoarteko VIII. Frechilla-Zuloaga Piano Sariketea, edo Ciudad de Albacete Piano jotzaile Gazteentzako XXVII. Lehiaketea. Azken Lehiaketa horretan, gainera, Chopinen Musikaren Interpretazino Onenaren Saria eta Musika Espainiarraren Interpretazino Onenaren Saria irabazi zituan.


Angela Figuera

Ángela Figuera Aymerich Bilboko familia aberats batean jaio zan, eta familiak ez eban begi onez ikusi Angelak Madrilen Filosofia eta Letrak ikastea. Karrerea amaitu ondoren, Huelvako institutu batean plazea atara eta bertan atrapau eban Gerra Zibilak. Beraren zein bere senarraren laguntzinoa jaso eben errepublikarrek gerrea galdu ondoren, Figuera Soriara joan zan, eta bertan bere lanak argitaratzeko aukerea izan eban.

Bere lehenengo lana, Mujer de barro, poema liburu intimistea da. Zentsureagaz hainbat arazo izan zituan, sensualidade eta erotismo ukutuak ditualako, baina, halan da be, poeta bilbotarrak sasoi haretako poeta handien artean sartzea lortu eban lan horregaz. Ondoren, gerra osteko garaiaren gogortasuna eta sufrimendua agirian ixten eben gai sozialetan zentrau zan. Lan horreen artean dagoz Belleza cruel eta Toco la tierra, bere poema liburu ezagunenak. Halan da be, idazlea ia inork ezagutu barik hil zan Madrilen, 1984an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu