Proposamen kultural barritzaileak dakarz, beste urte batez, Bilbao Arte eta Kultura ekimenak
2010-10-13 15:30 kulturbizEuskal Herriko Unibersidadeak, beste kultur eragile batzuen laguntzinoagaz antolatzen dauen egitarau kulturala aurkeztu dau gaur Bilbon. Aurten, ganera, izena aldatu deutsie eta, BAK barik, BilBAK izango da aurrerantzean.
Euskal Herriko Unibersidadeak, beste kultur eragile batzuen laguntzinoagaz antolatzen dauen egitarau kulturala aurkeztu dau Bilbon. Aurten, ganera, izena aldatu deutsie eta, BAK barik, BilBAK izango da aurrerantzean. Bilbon egindako aurkezpenean, Gabriel Villota EHUko Kultur Arduradunak azaldu dauenez, izena aldatuta 'Euskal Herritik kanpo, nazinoartean, Bilboko programazino kulturala identifikagarriagoa izango da'.
Aurtengo ikasturteko programazinoa hiru zatitan banatu dabe, hiruhileko bakotxeko gai bat hartuta. Gai nagusia Errealidade Kontenporaneoak izango da eta lehenengo hiruhilekoan, gorputzagaz lotuko dabe hori. Bigarrenean, espazioagaz eta hirugarrenean, berbeagaz. 'Jantzea, antzerki garaikidea, performance-ak eta antzeko espresino kulturalak batuko doguz, titulu generiko baten atzean danetariko proposamenak egotea nahi izan dogu', Villotaren esanetan. Unibersidade publikoa dago BilBAK egitasmoaren atzean eta horregaitik, 'mundu akademikoan egiten dan legez, teoria eta praktikea buztartuko doguz geuk be', zehaztu dau Gabriel Villotak.
Lehenengo hiruhilekoan, gorputzaren kontzeptua landuko dabe BilBAKen, 'ikuspuntu garaikide batetik'. Egitarauan dago, esaterako, Sasa Asentic koreografoak eta Ana Vujanovic teorialariak egingo daben tailerra eta ikuskizuna be preparau dabe abenduaren 11 eta 12rako. Bestetik, Maria Ptqk-ren Soft Power programea be egongo da BilBAKen barruan. Maria Ptqk-ren asmoa da, azaldu dauenez, 'gorputzaren eta bioteknologiaren arteko loturea aztertzea, baina ez ikuspuntu zientifikotik bakarrik'. Holan, besteak beste, organuen trafikoaz jardungo dira, Sally Gutierrezen eskutik, eta baita sexu bietako ezaugarriekaz jaiotzen diran umeen kasuaz be, Lucia Puenzoren XXY pelikulearen bidez. Maria Ptqk-ren Soft Power programan, ganera, berbaldiak, tailerrak eta zine emonaldiak egongo dira.
BilBAKen egitarauko ekitaldiak, batez be, Leioako Kanpuseko paraninfoan egingo ditue eta urte barriagaz Abandoibarrako paraninfoa inauguretan danean, hara aldatuko dira. Dana dala, Bizkaiko uriburuko La Fundicion aretoan, Alhondegiko Golem zineman, Hika Ateneoan, Errekalde Aretoan eta beste hainbat lekutan be ekitaldiak egingo dira. 'Bilboko produkzino kulturalean agente bat gehiago izan gura dogu', Gabriel Villotaren esanetan; 'sarea sortu nahi dogu, unibersidadetik aparteko beste agenteekaz be lan egin'.
BilBAK egitasmoan matrikulea egiteko epea zabalik dago dagoeneko. Urriaren 16an, hau da, zapatuan, lehenengo emonaldia dator, Maria Ptqk-ren gidaritzapeko Soft Power programea hasiko da eta. Bilboko Anti Liburudendan Sally Gutierrezen filmea ikusi eta Ignacio Mendiolaren berbaldia entzuteko aukerea egongo da. Lehenengo hiruhilekoko egitarauak, gorputza ardatz hartuta, abendura arte iraungo dau. Gero, urtarriletik aurrera etorriko dira espazioan eta hizkuntzan oinarritutako proposamenak, Euskal Herriko Unibersidadetik aurreratu dabenez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!