Saturrarango emakumeen kartzelako bizipenak batzen dituan liburua aurkeztu dabe

Dabi Piedra Robledo 2010-10-05 15:01   kulturbiz

Eduardo Barinagak eta Maria Gonzalez Gorosarrik idatzi dabe liburua, 'No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos' izenburuagaz. Donostiako Zinemaldian aurkeztutako 'Izarren argia' filmerako grabautako testigantzak dira liburuaren oinarria.

Eduardo Barinagak eta Maria Gonzalez Gorosarrik idatzi dabe liburua, No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos izenburuagaz. Donostiako Zinemaldian aurkeztutako Izarren argia filmerako grabautako testigantzak dira liburuaren oinarria. Gerra Zibilaren sasoietan eta Frankismoaren hasieran, zehatzago 1938 eta 1944. urteen artean, egon zan martxan Saturrarango emakumezkoen espetxea eta han egondako lau personaren bizipenak jaso ditue grabazinoetan.

Eduardo Barinagak testigantzak idatzian batu ditu libururako eta Izarren argia filmaren nondik norakoak be azaltzen ditu. Maria Gonzalez Gorosarrik, bere aldetik, ikerketa historiko sakona egin dau, emakumeek XX. mendearen hasieran lortutako eskubideen eta aurrerapausuen ganean eta Gerra Zibilean zein Europako ganerako mobimentu faxisten eraginez, ibilitako bidea zelan eten zan azaltzen dau. Beraz, No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos liburua zati bitan banatuta dago, testuinguru historikoa batetik eta Saturraraneko kartzelan egondakoen lau lekukotzak bestetik. 'Testigantzetatik abiatu gara, baina horren bidez, historia osoa kontau gura izan dogu', adierazo dabe autoreek Bilbon egindako aurkezpenean.

1938 eta 1944. urteen artean, Saturrarango Bainuetxea izandakoa, emakumezkoen kartzela bihurtu eben Francoren aldeko agintariek, Errepublikearen aldeko emakumeentzat. 'Kanpotik ez eukan espetxearen itxurarik, monjen komentua zan ofizialki, baina barruan egoana ezkutatzeko zan hori', azaldu dau Maria Gonzalez Gorosarrik. Sarri, seme-alaba eta guzti eroaten zituen emakumeak Saturraranera. Danetara, 4.000 emakumetik gora egon ziran han eta ikertzaileek batutako zifren arabera, 177 emakume eta ume hil ziran.

Eduardo Barinaga autoreak esan dauenez, danok ezagutzen doguz nazismoaren kontzentrazino esparruak, baina 'etxetik kilometro gitxitara, Saturraranen, holako astakeriak egiten ziran lekua egotea, hori kontau beharrekoa da eta holan hasi ginan liburuaren proiektuagaz'. Maria Gonzalez Gorosarriren ustez, Saturrarango kartzelan indarkeria ezkutua muturrera eroan eban Frankismoak, 'ez egoan garbitasunik eta monjek emondako tratua umiliagarria zan gehienetan, baina gero inork ez dau horren barri emon, emakumezkoen bando berekoak izandako gizonek be hori guztia ahaztu nahi izan eben'. Horregaitik, Gonzalez Gorosarrik azpimarratu dau, 'emakumeak eurak, preso egondakoak, izan ziran hango bizipenen historialari', izan be, euren idatziei esker jakin da gerora Saturraranen jazotakoa.

Liburuan, Saturraranen egondako lau persona alkarrizketatu ditue. 'Testigantza bakotxa desbardina da, lekuko bakotxaren egoerea desbardina izan zan eta', azaldu dau Barinagak. Izan be, lekuko bat umetan amagaz kartzelan egondakoa da eta beste bat, barriz, ia nahi barik sartu eben Saturraranen, hilketa baten lekuko izan zalako. Hau da, alkarrizketatutako guztiak ez ziran Errepublikearen aldeko burrukalari sutsuak izan eta beraz, bakotxaren ikuspuntua be aldatu egiten da.

Ttarttalo argitaletxeak kaleratu dau No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos liburua. Urriaren 22an, Izarren argia filma zinema aretoetan estreinauko dabe, liburuko testigantzetan oinarritutako pelikulea hain zuzen. 'Liburua eta filma, egitasmo zabal baten parte dira', azaldu dau Eduardo Barinagak. Autobus bategaz herririk herri joateko asmoa be badaukie, Saturrarango historia azaltzen, Frankismoaren biktimen memoria ez daiten galdu. Ekimen guztien atzean, helburu argi bat dago, sasoi haretako emakumezkoen sufrimendu ezkutua agirian geratzea, Barinagaren esanetan, 'ez ahaztea da garrantzitsuena'. Hori bai, ikertzen jarraitu behar dala be azpimarratu dau, 'faxismoak emakumeei egindako kalte asko ezkutuan dagoz ondino'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu