Josu Bergara bakarlariak 'Beldurra' bideoklipa aurkeztu dau

Bizkaie! 2010-09-29 18:46   Musikea

'Beldurra' Nora zoaz (2009) diskoaren bigarren singlea da eta hor kantautorearen gitarra eta ahotsa dira nagusi, Jokin Lacalle-ren bibolinaren laguntzinoagaz.

'Hitz egin, hitz egin baxuago, hitz egin, hitz egin belarrira, badaezpada entzuten badituzte gure…sekretuak'; holan hasten da 'Beldurra' kantua, bihotzez idatzitako doinu hurbil eta sakona. Nora zoaz (2009) diskoaren bigarren singlea da eta hor kantautorearen gitarra eta ahotsa dira nagusi, Jokin Lacalle-ren bibolinaren laguntzinoagaz.

Uriko kalea eta grafittiak protagonista diran bideoan, lau istorio kurutzatzen dira: boxeolari galtzailea, orkatilea apurtuta dauen jantzaria, bullying-a egiten deutsien neskatoa eta kaleko musikaria. Bideoklipan Iñigo S. Beltza zuzendariaren eskutik argazkilaritzea bereziki lantzen dauen apustu estetikoa atzemoten da. Bizkaiko kostaldeko Ea herri txikiko bakarlariak kontzertu akustikoak eskaintzen jarraituko dau hurrengo hilebetetan.


Josu Bergara (Ea, Bizkaia 1979) bakarlariaren azken lana 'Nora zoaz', Mutrikuko AME estudioetan grabauta dago. Hamar abestiz osotutako lan honetan euskal kantautore tradizionalen oinarritik hasi eta erritmo eta ildo musikal barrietara aurrera pausua emon da. Holan, kantuak hartu eta 'talde-abesti' bihurtu ditue, eta emoitzan igarten danez, kantu barriek indarra eta freskotasuna irabazi dabe. Rock, Jazz eta Bossa doinuakaz konposizinoak aberastu egin dira, adibidez, 'Galdu gara', 'Hodei eta euri gehiago' eta 'Txikitan' kantuetan saxofoia eta bibolinak pop-rock bandagaz alkartzen diranean.

Halan da be, kantautorearen xarma edo kutsu berezia ez eban galdu gura, eta egileak eta teknikariek 'Eneritz' edo 'Beldurra' kantuetan esentzia edo ispiritu horri eustearen aldeko apostua egin dabe. Era berean, 'Lapatzatik' kantua bizkaiko kostaldeko Ea herriko jentearen omenez egindako abestia da, eta holan habanera erritmoa hartuta, mariñelen ingurukoak eta beste zenbait istorio kontetan ditu herri txiki horren bizkaieraz idatzitako hitzetan.

Josu Bergarak Facebook, Twitter, Myspace eta Youtube bitartez kontzertuak eta beste ekintza batzuen inguruko informazinoa zabaltzen dau egunero

www.begienbideluzeak.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu