Guggenheim Bilbao Museoak barriro jarriko dau martxan Art After Dark

Bizkaie! 2010-09-15 18:47   Musikea
Ellen Allien, Adrián Medrano eta Skinny Banana Cap aka Mucho Muchacho izango dira DJak

Ikasturte honetako lehenengo Art After Dark saiora –Bilboko Fever klubagaz lankidetzan antolatutakoa– hurreratzen diranek, Ellen Allien, Adrián Medrano eta Skinny Banana Cap aka Mucho Muchacho DJen emonaldiez gan, Anish Kapoor izeneko erakusketa iraunkorra bisitatu ahal izango dabe.

Artea eta DJ saioak buztartzen dituan Art After Dark ekimena jarriko dau martxan barriro Guggenheim Bilbao Museoak bariku honetan, hilak 17. Oraingo honetan Ellen Allienen emonaldiaz gozau ahal izango dabe bertaratzen diranek.

Alemaniako DJ eta ekoizle hori Berlineko musika abangoardiaren bereizgarri dan BPitch Control diskoetxearen sortzailetako bat da. Ellen Allienek bere bosgarren diskoa, Dust izenekoa, produzidu dau azken urte honetan eta orain Bilbon dago emoitzak aurkezteko: teknoa, elektroa, minimala eta musika esperimentala nahastetan ditu.

Saio hori baino lehenago, 22:00etan, Adrián Medrano Bilboko Bullit Groove Clubaren sortzailetako bat egongo da musikea jarten. Egun, Fever klubaren sustatzailea eta zuzendarikidea da.

Azken emonaldia Skinny Banana Cap aka Mucho Muchachorena izango da. Mucho Mu ezizenaz be ezaguna da Bartzelonako MC hori; bera izan zan, 7 Notas 7 Colores taldearen buru zala, gaztelaniaz egindako hip hoparen iraultzearen bozeroalea 1990eko hamarkadearen erdialdera. DJ legez jarduten dauenean Skinny Banana Cap izena erabilten dau eta Guggenheim Bilbao Museoko Atrioan izango da.

Ikasturte honetako lehenengo Art After Dark saiora —Bilboko Fever klubagaz lankidetzan antolatu da— hurreratzen diranek Anish Kapoor izeneko erakusketea bisitatu ahal izango dabe gaueko ordu batera arte. Bertan ikusgai dagoz, besteak beste, kolore biziko eskulturak, industriako materialakaz egindakoak. Material horrek zementua, ugerrak jandako altzairua, aluminioa, argizaria, erretxinak zein pigmentuak dira eta Kapoorrek eskulturak zirraragarriak egiteko erabili izan ditu.

Horrezaz ganera, Bilduma Iraunkorraren be ikusgai dago.

Sarrerak: 12 euro publiko orokorrarentzat eta 8 Museoaren Lagunentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu