Kevin Heredia, euskal literaturearen pertsonaia misteriotsua
2010-07-20 14:51 KultureaHarkaitz Canoren esanetan, 'Hor hago Kevin?' eleberriak 'estilo gaztean jarten ditu mahai gainean errealidadearen eta fikzinoaren arteko hartu-emonak; alde batetik, geure errealidade literarioaren kronikea da, baina aldi berean horren guztiaren antikronikea.
Euskal literaturearen hautsak harrotzera etorri da Kevin Heredia. Esan ohi da ezizen horren atzean egile kolektibo bat dagoala, hau da, zutabegile eta literatur kritikari ezagun bat baino gehiago. Blogen batean, izen batzuk be agertu dira baina aitatutakoek berehala guzurtatu dabe eurak Kevin Heredia diranik.
Kontuak kontu, hika-mika handia sortu da Heredia horren inguruan. Bolada batean, ezizen horregaz Berria egunkarian sinatu zituan hainbat zutabe, gehienetan literaturearen ingurukoak. Ospetsua da -eta Interneten irakur daiteke- Enrique Vila Matas idazleari egindako alkarrizketea. Zabaldu zan alkarrizketa osoa asmautakoa izan zala, egilearen baimenagaz, eta Vila Matas berak zoriondu egin ebala Heredia egindako lanagaitik.
Orain, barriz, zutabeetatik eleberrira salto egin dau Kevin Herediak. Metaliteraturea jorratzen dau 'Hor hago Kevin?' nobeleak, trama poliziako baten bitartez, umore dosi handiak eta gaiztokeria apur bat erabiliz. Izan be, bertan agertzen diran pertsonaiak euskal literaturatik atarata dagoz: editoreak, kazetariak, literatur kritikoak izen-abizen propioakaz. Gainera, liburu baten argitaratze prozesuaren inguruan kontetan diran anekdota batzuk errealak dira eta beste batzuk berehala identifikau daitekez errealidadeko hainbat idazle eta eragilekaz. Beraz, euskal literaturearen mundua ondo ezagutzen daben hainbat irakurlek barre egingo dabe hor agertzen diran txaskarriloakaz, baina beste batzuk, umore faltea baldin badabe, beharbada minduta sentiduko dira.
Momentuz, batzuk -Iban Zalduak, adibidez- gaitzetsi egin dabe 'ustezko anonimato horregaz jarraitzea. Badakigu gatxa dala gauza batzuk esatea euskal literaturearen alorrean, baina esaten diranen (eta esaten ez diranen) erantzunkizuna aurrez aurre asumidu behar dala pentsetan dabenetakoa naz, eta kaltegarria dala, oro har, ezkutakerietan ibiltea'. Beste batzuk, ostera, Hasier Etxeberriak kasu, txalotu egin dabe Herediaren ekarpena: 'Desiratzen nago ijito zibernetiko usain gazte eta zoragarria barriro sentiduteko'. Eta Joanes Apolazak holan definidu dau Kevin Heredia Sindromea: 'Durangoko Azokara joan ez baina zehetasun eta azalpenak emoteko gaitasun patologikoa dauen pertsonearen gatxa'.
Harkaitz Cano, aurkezle
Pasa dan hilean, Donostiako LeBukowski aretoan, Kevin Herediaren lehen nobelearen aurkezpen-ekitaldia izan zan. Heredia ez zan agertu, era horretan bere figurearen inguruko misterioa handituz.
Ekitaldian bideo bat proiektau eben, non Kevin ohiko kapelagaz (beraren ezagutzen dan irudi bakarra ijitu antzeko gizon batena da, ule luzea eta kapelaz jantzita) eta katu bat eskutan azaltzen zan. Bideoan, egilea pozik egoala nobelearen argitaratzeagaz bota eban eta eskerrak emon gura eutsiezala hori posible egin eben guztiei.
Donostiako ekitaldian, Harkaitz Cano izan zan aurkezle. Bere esanetan, 'Hor hago Kevin?' eleberriak 'estilo gaztean jarten ditu mahai gainean errealidadearen eta fikzinoaren arteko hartu-emonak; alde batetik, geure errealidade literarioaren kronikea da, baina aldi berean horren guztiaren antikronikea. Literatureak eta arteak bi bulkada nagusi ditue: ezkutatzea eta erakustea, hau da, nork bere burua erakustea eta desagertzea bilatzen dau. Gehiago maite gaiezan, eta bakean itxi gaiezan. Ikusezintasuna eta ikusgarritasunaren arteko jokoa da honakoa. Bi makulu horreek barik, beharbada, ez goaz inora'. Idazle donostiarrak 'Hor hago, Kevin?' nobela 'mutante' legez definidu eban. 'Estilo errealisteagaz hasten da, sasi polizia-nobela estiloan jarraitzen dau, metaliterarioa be bada eta estilo katartiko eta balkanikoaz amaitzen da'.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!