Aritzatxu Rock Free jaialdiak 14 talde batuko ditu garagarrilaren 17an Bermeon
2010-07-09 15:25 MusikeaDanetara, 14 taldek parte hartuko dabe: Capsula, El Desvän del Macho, Lobo Electrico, Los Steaks, Trigger Travis, Okasientes, Thee Qüibbles, Elfo Negro, Villapellejos, Dictadura, Los Daggers, La URSS, Powerflip eta Los Frenos. Danen artean Capsula argentinar-bilbotarrak nabarmentzen dira.
IX. Aritzatxu Rock Free Jaialdiak krisiari aurre egin eta egitarau ederra eskainiko dau Bermeon. Kontzertuak Pergolan jarritako karpan izango dira, baina aurten barrikuntza nagusi bat dago, kontzertuak arratsaldeko 13:00etan hasiko baitira, antolakuntzak prentsaurrekoan azaldu dauenez.
Danetara, 14 taldek parte hartuko dabe Nuntxaku Kultur Alkarteak, Bermeoko Udalak, Beleza Malandra alkarteak eta MB2000 Alkarteak antolaturiko Aritzatxu Rock Free Jaialdian: Capsula, El Desvän del Macho, Lobo Electrico, Los Steaks, Trigger Travis, Okasientes, Thee Qüibbles, Elfo Negro, Villapellejos, Dictadura, Los Daggers, La URSS, Powerflip eta Los Frenos. Danen artean Capsula argentinar-bilbotarrak nabarmentzen dira. Dagoeneko abesti barriak egiten dabil hirukotea bere hirugarren diskoa izango dana urte amaieran kaleratzeko. Igaz 'Rising Mountains' argitaratu eben, 'Songs& Circuits' (Liliput, 2007) bikainaren ondoren plazaratu eben bigarren diskoa, eta 2009ko disko onena izentau eben 'Ruta 66' aldizkari espezializatuak eta 'Mondo Sonoro' aldizkariaren Euskal Herriko edizinoak.
El Desvän del Macho Arrasateko taldeak be parte hartuko dau jaialdian. 1989an sortua, talde oso berezia da. Orain 'Vida a partir del huevo' aurkezten dabilz, taldearen hirugarren diskoa. Joko erritmiko izugarria dauka taldeak, oso pertsonala, eta asko zaintzen dabe konposizinoa, gitarren soinu bereziakaz eta afinazino bitxiakaz.
Lobo Electrico taldeak uda ondoren kaleratuko dauen 'Artefactos Mágicos' disko barriaren aurrerapena eskainiko dau jaialdi bermeotarrean. Tolosarrek magiaz beteriko taldea osotzen dabe, eta dagoeneko klasiko bihurtu dira Aritzatxu Rock jaialdian, hirugarrenez joko dabelako.
Los Steaks talde bermeotarrak garaje kutsuko rock koipetsua egiten dau, eta 'No Moon Album' bere lehenengo diskoa aurkezten dabil. Trigger Travis pasaiarrek, barriz, ez dabe disko barririk aurkeztuko, baina bai bere bi abeslari barriak, Marga hasierako kantariak taldea itxi dauelako arrazoi pertsonalakaitik.
Okasientes be Bermeoko taldea da. Rock klasikoa egiten dabe, eta ikuskizuna da beren kontzertuen ardatza. The Qüibbles garaje talde bizkaitarrak bateria-jotzaile barria aurkeztuko dau jaialdi bermeotarrean.
Bestalde, Elfo Negro deustuarrek laster kaleratuko daben 'Vitesse' beren hirugarren lanaren aurrerapena eskainiko dabe, eta Villapellejos bilbotarrek kontzertu dibertigarria emongo dabe.
Zarauztik hardcorea ekarriko dabe jaialdira Dictadura taldekoek, eta Oviedotik helduko dira Los Daggers, beren skate punk soinuak joteko. LA URSS talde andaluziarrak punk soinu klasikoak eskainiko ditu. Powerflip bermeotarrek eskola zaharreko hardcorea izango dabe ardatz, eta Bermeotik datozen Los Frenos izango dira jaialdia zabaltzeko arduradunak, beren punk rock azkar eta dibertigarriagaz.
Taldeen kontzertuen ondoren, goizaldeko 1:00ak aldera, Gonzalo NCC eta Yiru disko-jartzaileek 1970eko hamarkadako glam hooligan, pub rock eta punk rockean oinarrituako musikea jarriko dabe jaialdiari amaierea emoteko.
Gainera, egun osoan zehar, merkatu txikia izango da disko, kamiseta zein apaingarriak erosi ahal izateko, eta, urtero legez, nahi dauenak doban kanpatzeko aukerea izango dau kanposantuaren ondoan jarritako gunean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!