Bilboko Aste Nagusiko Pop Rock erakustaldiak 25. urteurrena beteko dau

Bizkaie! 2010-04-26 15:38   Musikea

Lehiaketan parte hartu gura daben taldeek Bizkaian bizi edo taldekide bat gitxienez lurralde honetan erroldauta izan behar dabe. Maketak aurkezteko epea gaurtik, apirilaren 26a, maiatzaren 21era, bi egunak barne, egongo da edegita. Taldeek gitxienez 4 kanta original batzen dituan maketea aurkeztu beharko dabe.

2010eko Aste Nagusiko Bertoko Taldeen Pop-Rock Erakustaldian izena emoteko epea gaur, apirilak 26, edegi da. Aurtengo edizinoa berezia izango da, izan be, 2010eko Aste Nagusian erakustaldiak 25 urte beteko ditu.


Baldintzak

Lehiaketan parte hartu gura daben taldeek Bizkaian bizi edo taldekide bat gitxienez lurralde honetan erroldauta izan behar dabe. Pop eta rock estiloko taldeak onartuko dira, jazza ez.

Maketak aurkezteko epea gaurtik, apirilaren 26a, maiatzaren 21era, bi egunak barne, egongo da edegita. Beranduago ailegetan diran lanak be onartuko dira, aitatutako epearen barruan jarritako zigilu-markea euki ezkero. Taldeen aukeraketan emakumeek osotutako taldea izateari eta euskeraz egindako lanak aurkezteari aparteko garrantzia emongo jake.

Taldeek gitxienez 4 kanta original batzen dituan maketea aurkeztu beharko dabe. Horregaz batera, taldearen biografia eta hartu-emonetarako datuak jakinarazo beharko ditue (hizkuntza, estiloa, taldekideen izen-abizenak, posta helbidea eta helbide elektronikoa) honako helbidera:


Bilboko Udala Turismo eta Jaietako Saila

Aste Nagusiko Bertako Taldeen Pop-Rock Erakustaldia
Zabalgune Plaza 11, 1. pisua
48009 Bilbo


Kontzertuak Bilborock aretoan

Bilborock-een batuko dira aurten pop-rockaren mundu zabalaren bertoko banda barriak eta euren zaleak, lehiaketearen 25. urteurrena ospatzeko. 'Alde batetik, gure garairako ekipamentu teknologiko bikaina eskaintzen dau, eta bestetik, 800 ikusentzule inguru egoteko lekua da. Ganera, bertan eguraldiaren gorabeherak ez dira arazo izango kontzertuak egiteko orduan', azaldu dabe antolatzaileek.

Danetara, hamasei taldek eskainiko ditue euren abestiak 2010eko Bertoko Pop-Rocken eszenatokian. Horreetatik hamalau lehiaketara aurkeztutako maketen artean aukeratuko dira. Gainontzeko biak 2009ko Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketatik datoz, Bilboko Udaleko Turismo eta Jaietako Sailaren eta Enplegua, Gazteria eta Kirola Sailaren arteko akordioei esker. THE QÜIBBLES, Bizkaiko rock talde onenaren sariaren irabazlea, eta THE EXTENDED PLAYS, Bilboko rock talde onenaren sariaren irabazlea, hain zuzen be.

Aste Nagusian joko daben banda guztien kontzertuak 16 pista digitaletan grabauko dira. Holan, aukeratutako taldeek euren lanak editetako aukerea izango dabe gero. Beste aldetik, aurten erakustaldiaren laguntzaileak LA CALDERA musika alkartea eta STEREOZONA, musikea programetan dauen on line telebista, izango dira.


25 urte bertoko pop-rocka bultzatzen

1985. urtean hasi zan Aste Nagusiko Pop-Rock Erakustaldia, pop-rock musikearen munduan aurrera egin gura daben Bizkaiko taldeei laguntzinoa emoteko helburuagaz. Denpora horretan 1500 maketa baino gehiago aurkeztu dira. Bilboko Udaleko Turismo eta Jaietako Sailaren ekimen honi esker 200 talde baino gehiago ezagutzera emon dira Aste Nagusiko kontzertuetan.

Erripa Kaia, Unamuno Plaza, Areatzako Pasealekua, Bailen Kalea eta Bilborock-La Merced aretoa erakustaldi honen eszenatoki izan dira. Urteetan, jaietako erreferente musikal bihurtu da eta uriko eta Bizkaia osoko musikarien topagunea. WE ARE STANDARD, ZODIACS edo GORA JAPON lako taldeek lehenengo pausuak lehiaketa honen harian emon zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu