Bizkaiko Blues-Jazz Zirkuituak 'Fanfare du Belgistan' taldearen doinuak ekarriko ditu hainbat herritara

Bizkaie! 2010-03-12 13:38   Musikea

Belgistan ezin da mapa batean topau, lurralde geografikoa baino, musika proposamena baita, Balkanetako doinu ijitoek eragindako metala Ipar Afrikako perkusinoagaz buztartzen dauena, jazzaren inprobisazinoak Arabiako moldeakaz eta Afrobeateagaz bat eginda. Doinu horreek guztiak Bizkaian entzun ahal izango dira martiaren 17tik 20ra.

Bizkaiko Blues-Jazz Zirkuituak Belgitatik datorren talde akustiko berezi bategaz zarratuko dau egitarauaren lehenengo hiruhilebetea: Fanfare du Belgistan.

Belgistan ezin da mapa batean topau, lurralde geografikoa baino, musika proposamena baita, Balkanetako doinu ijitoek eragindako metala Ipar Afrikako perkusinoagaz buztartzen dauena, jazzaren inprobisazinoak Arabiako moldeakaz eta Afrobeateagaz bat eginda.

Urte batzuk joan dira talde hau Bruselan Fanfare du Belgistan izenagaz sortu zanetik. Zazpi lagunek osotzen dabe, horreetatik bost saxofoia, tronpeta eta sousafoia joten dabe eta beste bik derboukea, karkabea eta guembri izeneko perkusino-tresnea.

Belgistango fanfarreak urteak emon ditu bere doeak kalean, jaialdietan eta jaietan erakusten. Talde honek, hasieran, orain dala zortzi bat urte, balkandar ikutuko errepertorioak buztartzen zituan turkiar, bulgariar, errumaniar eta ijito moldeko pasarte tradizionalakaz. Azken urteetan, barriz, biderkatu egin ditu topagune aberasgarriak: hiru urte luzetan Barbackeko Ogroak taldeari lagundu deutso biran (sarri lagundu izan deutso eszenatokietan). Bestalde, 2006an, Néry abeslariagaz bat egin eben Matthieu Chédidek abeslariari eginiko albuma osotzeko eta hor sortu zan euren taldearen izena.

Belgistango fanfarreak berezko dituan lanez ganera, pop taldeetan (Applause), elektro-ikus-entzunezko esperimentaletan (Stairplex) eta oraintsu Parisen entzundako Black Light Orchestra berezian be parte hartu izan dabe bere musikariek.

Instrumentazinoari erreparau ezkero, taldeak, gaur-gaurkoz, gnawa orkestra bategaz nahastautako Ekialdeko Europako fanfarre baten antz handiagoa dauen arren, findu egin dau estiloa, inspirazio iturriak ugaritu egin dira eta errepertorioa 'belgistandar' dalakoa da bete-betean.


Blues-Jazz Bizkaia Zirkuitua

Martiak 17, eguaztena BASAURI Social antzokia. 20:00
Martiak 18, eguena ZORNOTZA. Zelaieta zentrua. 20:30
Martiak 19, barikua LEIOA. Café Ambigú-Kultur Leioa. 22:00
Martiak 20, zapatua ERMUA. Lobiano kultur etxea. 20:00

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu