Bilboko Udal Musika Bandeak Julen Ramos pianistea lagun dauela ospatuko dau San Balentin

Bizkaie! 2010-02-12 14:18   Musikea

Egun berezi honetarako, Bandako Zuzendari Titularrak, Rafael Sanz-Espert maisuak, zinema giroko errepertorioa aukeratu dau, George Gershwin eta Leonard Bernstein musikagileek doinuak tartekatuz.

Euskalduna Jauregian eskaintzen ari dan neguko kontzertu-denporaldiaren barruan, Bilboko Udal Musika Bandeak maiteminduen eguna ospatuko dau domekan, zezeilak 14, Julen Ramos piano-jotzaile bilbotarra protagonista dauen programa baten bitartez. Ohitureari jarraituz, emonaldia 12:00etan hasiko da Euskalduna Jauregiko Auditorioan. Sarrerak 2 euroan dagoz salgai. Egun berezi honetarako, Bandako Zuzendari Titularrak, Rafael Sanz-Espert maisuak, zinema giroko errepertorioa aukeratu dau, George Gershwin eta Leonard Bernstein musikagileek doinuak tartekatuz. Horreen artekoak doguz ‘An American in Paris’ –Vincent Minneli zinegileak izenburu bereko filmerako erabili eban Gershwinen partiturea–, Bernsteinek ‘West Side Story’ filmerako egindako soinu-bandea edota Woody Allenen ‘Manhattan’ eta beste hainbat filmetan erabilitako Gershwinen ‘Rhapsody in Blue’, adituek Estadu Batuetako lehenengo obra sinfonikotzat joten dabena.

Azken hori Julen Ramos (Bilbao, 1977) musikari gazteak eskainiko dau. Piano-jotzaile hau Bilboko Orkestra Sinfonikoaren ohiko kolaboratzailea da, eta hainbat ganbera-kontzertutako protagonista izan da Espainian eta Holandan. Prestakuntzea Madrilen eta Groningen-en (Holanda) egin dau gehienbat, eta hobekuntza-ikastaro bat baino gehiago egin ditu, berbarako, Joaquín Achúcarro maisuak 2007an Sienako (Italia) Musika-Akademian eskaini ebana.

Sarrerak eskuragarri dagoz: Euskalduna Jauregiko leihatilan, 944 310310 telefonoan, BBK Kutxazainetan edo Interneten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu