Badator Zinegoak 2010

Bizkaie! 2010-01-21 14:56   Zinemea

Zinegoak aurten urtarrilaren 29tik zezeilaren 6ra izango da upealako eskaintzeagaz: film luzeak 14 izango dira, lehiaketan 13; dokumentalak 8, danak lehiaketan; film laburrak 30, danak lehiaketan; 8 lan OFF Zinegoak-en (lehiaketaz kanpo); eta '20 urte Harresirik gabe' sesio berezian film luze bat.

Zinegoak, Bilboko Gay-lesbo-trans VII. Nazinoarteko Zinemaldia aurten urtarrilaren 29tik zezeilaren 6ra izango da upealako eskaintzeagaz: film luzeak 14 izango dira, lehiaketan 13; dokumentalak 8, danak lehiaketan; film laburrak 30, danak lehiaketan; 8 lan OFF Zinegoak-en (lehiaketaz kanpo); eta '20 urte Harresirik gabe' sesio berezian film luze bat. Danetara, 6 Mundu mailako estreinaldi, estreinaldi bat Europa mailan, 20 estreinaldi Estadu mailan eta ganerako gehienak estreinaldiak izango dira Euskadi mailan. Konbidatuak, barriz, 20 baino gehiago (gehienak zuzendariak izango dira baina baita zenbait antzezlari be).

Zinegoak Hedapena: zezeilaren 8tik 21era Arrasate, Basauri, Donosti, Durango, Errenteria, Galdakao, Getxo, Hernani, Iruñea eta Leioan. Cine Club Fas emonaldi berezia: zezeilak 2, 'Mishima: una vida en cuatro capítulos' film luzearen emonaldia egingo da, zuzendaria Paul Schrader.

Aretoak: Arriaga Antzokia, Capitol Aretoak(sala 3), Guggenheim Auditoriuma, Bilborock eta Fnac.


Film luzeak

Film luze gehienak Cannes, Berlin, Donostia, Erroma eta Toronto lako zinemaldi garrantzitsuetan parte hartu dabe, guztiak ikusle zein kritikearen harrera ederragaz. Azpimarratzekoa da zinemagintza latinoamerikarraren ezohizko partaidetza handia: Peru, Uruguay, Argentina eta Mexiko lako herrialdeak aparteko filmeakaz lehiatuko dira sari bat eskuratzeko aukera handiakaz.

Mundu mailako estreinaldia Italiatik jatorku Sergio Fabio Ferrari zuzendari gaztearen eskutik. Bere 'L’ultimo giorno d’inverno' izeneko lan xumea eta zoragarria aurkeztuko deusku. Kalidadezko zinema egiteko tresna gitxi behar dira: istorio on bat, antzezlari jaioak eta bideo kamara bat.


Film laburrak

Guztietatik aitagarria da euskal film labur baten presentzia: 'Los Fuegos', Daniel Cortázarrena.


Off Zinegoak

Euren eduki edo aurkezpenean transgresoreagoak diran 8 lan ikusi ahal izango dira zezeilaren 3an FNAC aretoan 17:00etan izango dan emonaldi batean. Sarrerea dobanekoa izango da.


'20 urte harresirik gabe'

Berlingo harresiaren erorketearen 20. urteurrenari omenaldia egingo jako, 1985eko Wieland Speck (Zinegoak 2010 Ohorezko Saria) zinegilearen 'Westler' filmaren bitartez, segurutik gay tematikako pelikula alemaniarrik onena.


Zinegoak hedapena

2005ean hasi zan zinemaldiaren deszentralizazion eredu honegaz eta ordutik izandako hazkundea sekulakoa izan da aurtengo 10 udalerrietara heldu arte, Gipuzkoan presentzia areagotuz eta Nafarrorarte helduz. Hedapen sailera gerturatzen dan publikoa Zinegoak osoaren publikoaren % 25 izaten da gitxi-gora behera.


Zinegoak 2010: Ohorezko Saria

Wieland Speck (Friburgo, 1951). Berlingo Freie Unibersidadean alemaniar literaturea, antzerkia eta etnologia ikasi eta gero bideo eta zinema proiektuetan hasi zan lanean eta idazle eta editore be ibili izan da. Bere sormen lanak identidade homosexuala dau oinarri.

Bestalde, David Hemmings, Robert Van Ackeren, Ulrike Ottinger edota Ian Pringue lako zine zuzendari ezagunentzako antzezlari lanak be egin ditu. Urte askotan zehar, Berlingo Kreuzberg izeneko zonaldean kokatutako Tali izeneko egile-zinema aretoaren zuzendari izan zan. Zinema zuzendari lanari hainbat dokumental bideo formatuan eginez ekin eutson. Hainbat zinema eta telebista produkzinoen egilea da eta zenbait zinema erakunde eta jarduera zinematografientzako lanean jardun da: Berlingo Filmhaus, Filmbüro Baden-Württemberg eta Berlin European Short Film Festival, besteak beste. Era berean, hainbat unibersidade eta zinema eskoletan irakasle be izan da. 1985.ean 'Westler' zuzendu eban, fikzinoko bere lehen film luzea, askorentzat alemaniar gay pelikularik onena. 'Westler'-en, Speck-ek Berlingo harresia metafora moduan erabilten dau, sexu bardineko personen arteko hartu-emonak eragozten zituan muga politiko-soziala azaltzeko.


Zinegoak 2010: ekitaldi bereziak

- Inaugurazino Gala (Urtarrilak 29): aurten Manex Rekarte eta Leire Ucha antzezle ezagunek aurkeztuko dabe Arriaga Antzokian egingo dan Zinegoak 2010 zinemaldiaren Hasiera Ekitaldia, horretarako barregarria eta eskertzekoa gertatzen dan Eduardo Gaviña eta Hegoak Alkarteko antzerki taldearen laguntzinoa izango dabelarik. Galan zehar Zinegoak 2010 Ohorezko Saria banatuko da. Aurten, sari hori Wieland Speck-ei eskaintzea erabagi dau zinemaldiko antolakuntzeak.: alde batetik, Berlinaleko Panorama atalean eginiko lanagaitik (GLBT zinemagintzako programatzaile eta zinemagileen topalekua azken 20 urteetan) eta bestetik, 1985ko 'Westler' pelikularen bitartez, gay-lesbo-trans errealidadearen normalizazinorako egindako ekarpenagaitik. Azkenik, Daniel Cortázar-en 'Los fuegos' film labur euskaldunaren munduko estreinaldiagaz eta Marco Berger-en, 'Plan B' argentinar film luze sarituaren espainiar estreinaldiagaz amaituko da gala.

- Inaugurazino Jaia: galaren ostean jai giroak Conjunto Vacío aretoan izango dau jarraipena gauerditik aurrera.

- Zuzendarien Jaia: film zuzendariek publikoagazko hartu-emonak izango ditue urtarrilaren 30ean, 23:00etatik aurrera, Sildavian, Lamana kalea 1.

- Itxiera Jaia (Zezeilak 6): Zinegoak-en zarratze gala lehen aldiz Guggenheim Museoaren Auditoriumean egingo da eta galaren ostean, jaia izango da bertako Atrioan, Alaska handiaren musikaz lagunduta, DJ sesio berezi batean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu