Rammstein talde alemaniarrak 2010eko Bilbao BBK Live jaialdian joko dau

Bizkaie! 2009-12-18 10:44   Musikea

Talde alemaniarrak BEC bete eban zemendiaren 14an eta 2010eko garagarrilean, barriz, Kobetamendin izango dira. Bestalde, bart jarri ditue salgai Bilbao BBK Liveko 3 egunetarako bonu bereziak: 95 euroan dagoz eskuragarri BBK sarean.

2010eko Bilbao BBk Live jaialdiko bigarren kartelburua iragarri dau Last Tour Internationalek: Rammstein. Talde alemaniarrak BEC bete eban zemendiaren 14an eta datorren urteko garagarrilean, barriz, Kobetamendin izango dira. Bestalde, bart jarri ditue salgai Bilbao BBK Liveko 3 egunetarako bonu bereziak: 95 euroan dagoz eskuragarri BBK sarean.

Pearl Jam talde estadubatuarraren parte-hartzea baieztatu eban jaialdia antolatzen dauen enpresa bilbotarrak orain dala aste batzuk. Orain, Till Lindermannen Ramstein taldea jaialdiaren 5. edizinoko talde nagusietako bat izango dala jakin ostean, hirugarren kartelburua jakitea baino ez da falta.

Rammstein talde alemaniarra Liebe ist für alle da disko polemikoagaz etorriko da bigarrenez Bizkaira. Estudioko seigarren lan horretako lehenengo singlearen bideoklipa eta kanta batzuk munduko hainbat herrialdetan zentsurau ditue pornografikoak, sadikoak eta masokistak dirala esanda, baina, antza danez, astrapala horreek seikoteagazko interesa handitu baino ez dabe egin. Berbarako, BECen emon eben kontzerturako sarrera guztiak agortu egin ziran.

Taldeak zuzeneko ikusgarriak eskaintzen ditu beti eta piroteknia eta sua eta txirpantak isurtzen dituen maskarak, baketak, gitarrak eta mikroak erabilten ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu