Gaueko tximeletak kantari

Bizkaie! 2009-10-28 14:17   Musikea

Piztiak taldeak 'Gabeko kalapitxixak' proiektuaren lehenengo emoitzea aurkeztu dau gaur Bilbon, proiektuaren izen bereko diskoa. Diskoa autoprodukzinoa da, film laburra, bideoklipa, pintura-erakusketea eta making off bat ekarriko ditualako gero eta 'ekimen bakotxari daukan garrantzia emon gura izan deutsagu pausu guztiak geuk landuta'.

Piztiak taldeak 'Gabeko kalapitxixak' proiektuaren lehenengo emoitzea aurkeztu dau gaur Bilbon, proiektuaren izen bereko diskoa. Lanean, hamahiru kanta barri eta Piztiak baino lehenegoko 'TU-K' taldearen 'Phornographiaz' kantearen bertsino bat jasoten dira. Kanta hori, 1985ean egindakoa da eta berbak Kirmen Uriberenak dira, Uribek 15 urte zituanean idatzitakoak. Hona hemen idazleak gaur aurkeztutako lanaz dinona:

'Pornografiaz' kantak ixten dau Piztiak taldearen disko barria. Kantea TU-K taldearen Existentzia izeneko maketan argitaratu zan, 1988an. Poema institutu garaian idatzi nuen, hamabost-hamasei urtegaz. Orduantxe hasi nintzan poesia irakurten eta idazten. Federico Garcia Lorcaren Poeta en Nueva York, Dylan Thomasen 18 poems. Horrexek lehenengo liburuak. Nik orduan ez nituan liburuotako poemak ulertzen. Baina gustuko neban itxuraz loturarik ez eben esaldiak bata bestearen atzetik jartea, koadro abstraktuak pintetako koloreak ziran esaldiak. Gitxi geroago, Bilbora joan nintzan bizitera Josu Aranbarrigaz batera, Solokoetxe aldera. Orduantxe irakurri neban Bernardo Atxagaren Etiopia, fotokopiauta, agortuta egoalako liburua. Aitziber Renteriak pasau eustan Atxagarena. Liburu haretan agiri ziran honezkero gau tximeletak. Argirantz hurreratzen ziran gabeko kalapitxiak. Orain, hamarkada bi geroago, Piztiak taldeak gaueko tximeleten irudia berreskuratu dau disko eta egitasmo barrirako. Gaueko tximeletak egunekoak baino gehiago dira, jenteak kontrakoa pentsau arren. Horixe dinoe biologoek. Espezie gehiago dira gauez ibilten diranak egunez ibilten diranak baino. Gaueko tximeletak badaki hil egingo dala argirantz hurreratu ezkero, baina, halanda be, joan egingo da. Bere hautua horixe dalako. Diskoaren arimea horixe da. Aske izan nahi duen gizabanakoa. Zoriontsu izateko, akatsak egiteko aske, gizarteak ezarten dituan legeei kasurik egin barik. Aske izan, baita, gustuko dauen musikea sortzeko. Askatasun horretatik sortu dau Piztiakek, askoren esanetan, bere diskorik biribilena dan Gabeko kalapitxiak hauxe'.

Taldekideek askatasunaren kontzeptua diskoaren arimea dala azpimarratu dabe: 'orain arteko lanetan, diskoak kontzeptu baten inguruan sortzen genduzan; honetan, kontzeptua kantak egin ahala joan da eratzen eta konturatu gara askatasunaren ideia behin baino gehiagotan agiri dala, hainbat arlotan'. Diskoa autoprodukzinoa da, film laburra, bideoklipa, pintura-erakusketea eta making off bat ekarriko ditualako gero eta 'ekimen bakotxari daukan garrantzia emon gura izan deutsagu pausu guztiak geuk landuta'. Erakusketa horri jagokonean, diskoaren liburuxkan batzen diranak ikusgai izango dira gela batean, kanten berbak eta bestelako erakusgaiakaz. 'Diskoa oso formato txikia zala eretxi jakun eta geuza handiagoak egin behar genduzala sentiduten genduan'. Hortik, 'Gabeko kalapitxixak' proiektuaren sorrerea. Lehenengo pausua, honezkero, emon dabe. Baina kalapitxiak askotan hurreratzen dira argira.


'Gabeko Kalapitxixak' diskoaren aurkezpen kontzertuak

- Diskoaren aurkezpen-kontzertua zemendiaren 28an izango da Ondarroako Kafe Antzokian, Petti eta Txuma Murugarrenegaz (diskoan be parte hartu dabe). Taula ganean, Josu Aranbarri, Peio Larrañaga eta Txomin Uribe izango dira.

- Abenduaren 7an, PIZTIAK akustikoa, Durangoko Azokan, 19:00etan.

- Urtarrilaren 2an, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, gaueko 22:00etan, PIZTIAK + MALENKONIA.

- Urtarrilaren 9an, Azkoitiko Matadeixen, gaueko 22:00etan.

- Urtarrilaren 28an, Bilboko Kafe Antzokian, gaueko 22:00etan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu