Potato, amaitzen ez ekian taldea
2009-10-19 15:50 Musikea2007an iragarri eban behin betiko agurra Potatok. Horretarako, azken birea antolatu eben eta Gasteizko Udalak diru-laguntzinoa be emon eutsen. 2008ko urtarrilaren 4an emon eben 'ustezko' azken kontzertua. Eta, halan da be, Potatok joten jarraitzen dau.
Eskerrik asko eta agur. Hori izan zan orain dala bi urte Potatok erabili eban leloa, 23 urteren ondoren, azken agurreko kontzertu-birea iragarteko. Hori entzunda pentsau genduan kontzertu bakar batzuk emon eta gero taldea desegingo zala. Kontuak kontu, ohore guztiak jaso zituen: egunkariek orriak dedikau eutsiezan eta irratiek zein telebistek leku bat egin eutsien.
Baina ez. Denporea aurrera doa eta musikari gasteiztarrek joten jarraitzen dabe han eta hemen. Batzuentzat, iruzurra; besteentzat, barre egiteko motiboa. Baina horrek guzti horrek iraultza txiki bat sortu dau taldearen barrruan.
Orain dala egun batzuk, Potatoren sortzaile eta abeslari Pedro Espinosak komunikatu bat bialdu eban Paco PKO taldekidea salatuz, taldearen izena usurpatzeagaitik. Bada, zer jazo ete da? Istorioa aspalditik dator.
Potato 1984an jaio zan, Gasteiz irakinaldi batean egoanean. Garai haretan Arabako uriburuak kultur eta musika eztanda bizi eban. Giro horretan, eta okasinorako asmautako 'Euskadi Tropikala' lelopean, reggaezale batzuk batu egin ziran Potato sortzeko. Nahiko iraultzailea izan zan orduan mobimentu musikal hori, Gasteiz hotz-hotz horretan, erritmo epelak eta letra konbatiboak zein umoretsuak erabiltzen zituelako. 'La clase obrera', 'Miguelín el Casero' edota 'Rula' laster sasi-ereserki bihurtu ziran gazteen artean.
Baina 90 hamarkadearen amaieran giro hori desagertuta egoan eta Potatokideak taldearen desagertzeaz berba egiten hasi ziran. Izan be, hasierako alma mater Pedro Espinosak (Aiainai) itxi egin eban taldea, nahiz eta noizean behin zuzenekoetan eszenatokira igoten jarraitu. Pako PKOk hartu eban zuzendaritzea ordurako.
2007an iragarri eban behin betiko agurra Potatok. Horretarako, azken birea antolatu eben eta Gasteizko Udalak diru-laguntzinoa be emon eutsen. 2008ko urtarrilaren 4an emon eben 'ustezko' azken kontzertua. Eta, halan da be, Potatok joten jarraitzen dau. Hile honetan bertan hamaika kontzertu iragarri ditue. Gainera, zuzeneko disko bat grabauko dabela adierazo dabe. Antza, amaitzeko erabagia Espinosarena eta beste taldekideena izan zqn, baina Pako PKO ez egoan guztiz ados horregaz. PKOk aurrera jarraitu dau, taldekide batzuekaz batera.
Gauzak holan dirala, Pedro Espinosak komunikatu bat atara dau, Pako PKOri errua bota eta taldearen izena usurpatu dauela salatuz. Espinosa jn.aren ustez, Pako taldearen izena eta espiritua desprestigiatzen dago. Pakok, barriz, eskaintza dagoan bitartean, kontzertuak emoten jarraituko dabela aurreratu dau.
Ez dakigu zelan amaituko dan afera. Baina, jakin badakigu, zoritxarrez Euskadi Tropikaleko asmatzaileek ikuskizun penagarria emoten dagozala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!